Autogintza

PIVE aterkia eskura

2012an hondoa jo ostean, gora egin dute autoen salmentek, PIVE planei esker. Krisi aurreko kopuruak oso urrun dira, ordea, eta laguntza hori bukatzear dela aurreikusi dute.

jarraia92265.jpg
xabier martin
2014ko maiatzaren 25a
21:45
Entzun

Motorrak dopina emango luke. PIVE laguntzarik gabe matxuratuta legoke honezkero. Autoen salmentak hondoa jo zuen 2012an, eta zerbait egin behar zen sektorea oraindik ere gehiago kaltetu ez zedin; hala pentsatu zuen Espainiako Gobernuak milioi bateko salmentaren muga urrun geratzen hasia zela ikusita. Eguzkiak ez ditu askorik berotzen gaur egun Europa osoko kontzesionarioak, baina bai orain bi urte baino gehiago, orduan negu gorriak hartu baitzituen. Hego Euskal Herrian, ozta-ozta pasatu ziren salmentak 30.000 autotik 2012an, inoizko markarik urriena. Konparaziorako, 2007an 73.700 auto saldu zituzten Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako kontzesionarioek; beste garai batzuk ziren. PIVE plana, ordea, bukatzear dela eman dute abisu sektoreko patronalek, eta dagokion ministroak PIVE 6 egongo dela "lehenbailehen" berretsi dezan nahi dute, "salmenta erritmoa moteldu ez dadin". 

Mariano Rajoyren gobernu berria murrizketen azeleragailua zapaltzen hasi zeneko garaian iritsi zen PIVE izeneko flotagailua. Espainiako Gobernua aztoratu egin zen autoen salmenten beherakada eta hura eragiten ari zen zerga bilketa urria ikusita, kasik sektoreko lobby boteretsuak bezainbeste. Olentzerok ekarri zion Rajoyri Moncloa —hobe esanda, Sankt Nikolausek, Angela Merkelen Alemanian hark partitzen baititu opariak—, eta uda bukatu aurretik berak ere ahalezko auto erosleei eta batez ere saltzaileei oparia emango ziela erabaki  zuen: PIVE plana.

Emaitzak agerikoak dira bi urte geroago: 2012ko bigarren erdian salmenten erorketa moteldu egin zen Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, nahiz eta urte amaierako kopurua penagarria izan (-%13,7). 2013an, berriz, 35.000 auto saldu zituzten Hego Euskal Herriko auto kontzesionarioek, aurreko urtean baino %7,3 gehiago, 2.500 auto inguru gehiago. Kontsolamendua zela ez zuen inork ukatu sektorean, baina emaitza hori ez da 2007an lortutakoaren erdia ere (73.695). Aurtengo lau hilabeteak ondo hasi dira, betiere PIVEren aterkiari esker. 12.254 auto saldu dira lehen lau hilabeteetan, iaz baino %14,5 gehiago.

Erosleek euren auto zaharraren truke 2.000 euroko deskontua jasotzea ahalbidetzen duen sistema ez da betiko, ordea. 2012tik 2014ra bost PIVE plan jarri ditu indarrean Madrilek, guztira 540 milioi euroko inbertsioarekin (75 + 150 +70 +70 + 175 milioi). Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak ez du baztertu PIVE 6 plana; laster erabaki beharko du, PIVE 5 aste gutxi barru bukatzea aurreikusi baitute saltzaileek. Urte bukaera arteko epea eman zuen ministerioak laguntza baliatzeko, baina planaren 175 milioi euroak agortzear daude, eta motorrari PIVE planaren zaldi estrak kentzea edo ematen jarraitzea erabaki beharko dute berehala. Moncloa kimu berdeen sukarrarekin dabilen arren —hauteskunde kanpainak nabarmen gaiztotu du kalentura—, zaila da pentsatzea erosteko ahalmena nabarmen galdutako erosleei PIVEren pizgarri hori kenduko dienik. Salmenten beherakada inoizko handiena izan daiteke hala gertatzen bada.

Soria, PIVEren laguna

Sektorean sinetsita daude laguntza hori ematen jarraituko dutela, are gehiago Soria ministroaren hitzak entzun eta gero: "Ez da baztertu behar PIVEk aurrera jarraitzea, eta orain arteko baldintza beretan, gainera". Laguntza berriak 175 milioi euroko aurrekontua izan dezakeela esan nahi izan ote du ministroak? Ez da baztertu behar. Baina gerrikoa itotzeraino estutzen duen gobernua esku zabal bihurtu ote da bat-batean autoen salerosketari dagokionez?

Ezezkoa da erantzuna, eta Jose Manuel Soriak berak arrazoitu zuen iaz. Laguntzari esker saltzen diren autoen zergek plana hornitzeko baliatzen den diru kopurua bezainbestekoa da, edo oso antzekoa, behintzat. Hau da, PIVE planaren inbertsioak —175 milioi azken planean— bilketa handitzen du ogasunetan —baita euskal ogasunetan ere—, planarekin jarraitzeko adina handitu ere. 15.000 euroko auto baten truke erosleak 3.150 euro pagatu behar ditu BEZarengatik, eta matrikulazio zerga ere pagatzen du; salneurriaren %0 eta %14 arteko kopurua da zerga hori, CO2 emisioen arabera. Beraz, 15.000 euroko auto horren truke 19.000tik gora ordain dezake erosleak, BEZarekin batera matrikulazio zerga garesti bati aurre egin behar badio. Eta salneurri horri kentzen zaizkio PIVE planaren 2.000 euroak, erdia auto etxeak jarrita eta beste erdia Espainiako Gobernuak jarrita. Hau da, 15.000 euroko autoa 17.000 inguruan eskuratuko du erosleak, zergak eta PIVE plana aplikatu ondoren. Baina salmenta horrengatik, ogasunen bilketa 4.000 euro handituko da, nahiz eta aurretik operazio hori sustatzeko 1.000 euro jarri Madrilek.

Espainiako kontzesionarioen patronal Faconautok jadanik zenbatuta dauzka salmentak hauspotzeko planaren mirariak, eta ezagutzera eman ditu aste honetan, Madrilgo autoen azokaren itzalean. Patronalak dio 2012tik 140.334 auto gehiago saldu direla PIVEri esker "Espainiako merkatuan", eta horrek 503 milioi euro eraman dituela zergetan ogasunetara. 540 milioiko inbertsioa egin du Madrilgo gobernuak, baina. 

Beraz, sektoreari eustea —salerosketak ez eteteak bermatzen duen enpleguari eta jarduerari eustea— kasik doan atera zaio Madrili, betiere Faconautoren zenbakiak aintzat hartuz. Hala ere, 50.000 lanpostu galdu dira Espainiako merkatuari lotutako kontzesionarioetan; salmenta gune guztien herena itxi da sei urteren buruan; albiste on bakarra da 2013an enplegua zertxobait hazi dela Faconauto patronalaren arabera: 900 lanpostu. PIVEk eragindako salmenta gehigarriek bultzatu dute gora sektorea, patronalaren arabera. 2012an 10.738 auto gehiago saldu zirela dio; 2013an 77.572 gehiago; eta 2014an 52.023 gehiago salduko direla dio haren aurreikuspenak. 

"Urte osoan" baliatzeko hornidura berria nahi dute hala Faconautok nola Anfacek, ekoizleen patronalak. Izan ere, PIVE 5 "hil honetan" bukatuko dela uste dute; aurrekontuaren %70 baliatu da jadanik, 123.221 kontraturekin. "Ekainean eta uztailean PIVE ez egotea atzerapauso nabarmena litzateke, salmenta handiko hilak baitira udakoak", esan du Anfacek, eta Soria ministroari presio eginez, erantsi dute 2012an eta 2013an 343.000 auto zahar errepidetik ateratzea lortu dela. 2014an 300.000 ordezkatuko dira, "PIVE berria baldin badago". Orain arte "laguntzari esker" ordezkatutako autoen adina 16,6koa izan da. 

Ogasunentzat mesede

"Autoa batez beste zortzi urterekin aldatzen zen krisiaren aurretik, eta orain, berriz, hamabirekin. Merkatua indize horretara itzuli arte autoa erosteko pizgarriak egotea ondo legoke", esan du Hernaniko Euroland kontzesionarioko saltzaile Iñaki Tapiak. Jaguar eta Land Rover saltzen ditu eskualdeko Jauregi saltokiak, eta PIVE gutxitan baliatzen dute, "bakarrik Evoque modeloarekin". Beste autoek laguntza eskatu ahal izateko gainditu ezin daitekeen salneurri muga pasatzen dute: 30.000 euro. "Orain artekoak dio PIVE ona izan dela, baina ez bakarrik auto saltzaileentzat, baita gobernuarentzat ere, bueltan etortzen zaiena jartzen dutena baino gehiago delako". Ogasunek "begi onez" ikusiko lukete PIVE 6 egotea, Tapiaren arabera, "sektorearentzat eta, oro har, ekonomiarentzat ona izan delako orain artekoa". Nahiz eta Eurolandek bakarrik modelo batekin baliatu, Tapiak beste PIVE bat egotea nahiko luke, ez duelako uste merkatuak oraindik gaitasunik duenik pizgarri berezirik gabe aurrera egiteko. 

Opel autoen saltoki handienetako da Giauto Gipuzkoan; Debagoienean, Goierrin, Tolosaldean eta Urolan ematen du zerbitzua, baita Aramaion (Araba) eta Ermuan (Bizkaia) ere. "Asko eta askotarikoak dira PIVErekin jarraitu behar dela babesteko arrazoiak", dio Maritere Ansola saltzaileak; "merkatua gora doa azken hil hauetan, eta bezeroak erakartzeko ez dago pizgarri hori baino hoberik". Baina PIVE laguntza ez da betiko; zer gertatuko da kentzen dutenean? "Merkatua geratu egingo dela erabat, aldi batean behintzat". 

Ansolak dio 38 urte egin dituela autoak saltzen eta "sekula" ez dituela hain kalitate handiko autoak saldu hain prezio baxuan: "Marjinarik gabe ari gara saltzaileak, metatutako salmenten bidez ateratzen bizimodua". PIVE "oinarrikoa" dela uste du bezeroak "azken erabakia har dezan". "Jendeak auto zaharra aldatu nahi du, baina haren truke zerbait lortu behar du; denok nahi dugu mauka". Pizgarria "oso azkar" bukatuko dela berretsi du Giautoko saltzaileak, eta orduan "kezka handia" zabalduko dela. "Nahiz eta erabaki beste PIVE bat egitea, hura erabaki eta aldizkari ofizialean argitaratzen duten arte, ezingo dugu autorik matrikulatu, bezeroek laguntzaren bidez egingo dituztelako operazio guztiak. Hala, aste batzuetan matrikulazioak bertan behera gera daitezke".

PIVE gelditzeko aukera

Igor Aranburu Beasaingo Autowag Volkswagen kontzesionarioko salmenta arduraduna ados dago ataleko beste saltzaileen arrazoiekin, baina beste osagai bat sartu du eztabaidan: "Epe luze batean eusten bazaio horrelako laguntzari, azkenean pizgarri efektu hori galdu egiten du". Alegia, PIVE bai, baina ez beti. "Hobe da, orain bukatzen denean, pixka batean PIVErik gabe egotea, bi edo hiru hilabetez akaso, geroago, urtea amaitu baino lehen, berriro indarrean jartzeko". Horrelako laguntza zerbait berezia dela ez ahaztea nahiko luke Aranburuk. "Jendea ohitu egiten da, eta azkenean pentsa dezake aurrerago ere izango duela laguntza eskuratzeko aukera". 

Dena den, Autowageko saltzailea ados dago PIVE "oso ondo" joan dela orain arte, eta salmentak igotzen ari direla dio, "nabarmen". "Gipuzkoan, azken hilabetean %28 igo dira; oso zenbaki ona da, batez ere ikusita nondik gatozen". Zenbakietatik aparte, "animoan" ikusten du Aranburuk gauzak aldatu egin direla kontzesionariora sartzean. "Jendea konfiantza gehiagorekin etortzen da, beldur gutxiagorekin". Rajoyren gobernuak luze gabe hartuko du erabaki bat PIVEren inguruan; haren zain daude etorkizuneko erosleak eta, batez ere, saltzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.