Urtarrilaren 10ean agortu ziren iazko udazkenean Espainiako Gobernuak lehen PIVE planerako jarri zituen 75 milioi euroak. Emaitzak ez ziren ikusgarriak izan, ez zutelako geratu auto salmenten beherakada, baina sektoreak ontzat hartu zituen, jaitsiera apaltzea behintzat lortu zuelako. Guztira, Hego Euskal Herrian 32.649 auto matrikulatu ziren iaz, 2011n baino %13,7 gutxiago, eta merkatuak goia jo zuenean (2007) saldutakoen erdia baino gutxiago.
Txilen egindako adierazpenetan, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak iragarri du PIVE plan berrituak 150 milioi euro izango dituela, hau da, aurrekoaren halako bi. Guztira 150.000 ibilgailuren salmenta sarituko du. Raxoiren ustez, laguntzak oso ondorio onak izan ditu Espainiako ekonomiarentzat, auto salmentarekin batera autogintza bera sustatu duelako. Gobernuaren kalkuluen arabera, 4.500 lanpostu salbatu ditu planak.
PIVE berrituak izango ditu berritasun batzuk. Batetik, auto partikular guztien salmenta sarituko du, 25.000 eurotik gorakoek ere laguntza jasoko dutelako aurrerantzean. Bestetik, zazpi urtetik gorako ibilgailu industrial arinak (furgonetak) txatartegira botatzen dituztenek ere jasoko dute. Kamioien eta beste ibilgailu industrial handientzat ere plan berezia jarriko du indarrean Madrilek, 40 milioi euroko kostuarekin.