Pobre bizi diren pentsiodunen kopurua igo egingo dela azaldu dute

Hego Euskal Herriko pentsiodunen federazioek manifestazioak egingo dituzte ostiralean, erreforma salatzeko

Miren Garate.
Donostia
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian 300.000 pentsiodun baino gehiago pobrezia larrian edo erlatiboan bizi dira. Beste era batera esanda, pentsiodunen erdiak pobreak dira. Etorkizun hurbilean, gainera, egoerak txarrera egitea espero da. Kezka horren jiran, elkartzea erabaki dute Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodun federazioek. Manifestazioak antolatu dituzte ostiralerako lau hiriburuetan.

Espainiako Gobernuak proposatutako pentsioen erreforma eta izoztea salatzea da helburua. «Erretiratu ondoren, pertsonak duintasunez bizi ahal izateko aukera gutxituko da», azaldu du Izaskun Belokik plataforma guztiek Donostian egin duten agerraldian. Gizarte zerbitzuen kalitateari buruzko hainbat datu eman ditu. «Eskaintza urria eta garestia da, eta ez du betetzen benetako eskariaren %25 ere». Gizarte zerbitzuetara barne produktu gordinaren %2 bakarrik bideratzen dela adierazi dute pentsiodunek, Europan, aldiz, batez beste %4koa da gastu publikoa. Emakumeak dira okerren daudenak, kotizazio gabeko pentsioak, alarguntzakoak eta etxeko langileenak direlako apalenak.

Egoera konpontzeko, eskaera zehatzak egin dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Besteak beste, 1.020 eurotik gorakoak izatea pentsio guztiak, zerbitzu publikoak finantzatzeko zerga-politika zuzen eta mailakatuak erabiltzea eta pentsioei buruz Euskal Herrian erabakitzea. «Ezikusiarena egiteari utzi eta ardurak beren gain hartu behar dituzte, baliabide publikoez jabetzen ari diren aberats gutxi batzuen interesen gainetik, euskal herritarron eskubideei lehentasuna eman diezaieten».

Kontrako efektua

Euskadiko CCOOren pentsiodunen eta erretiratuen federazioa ere kezkatuta agertu da. Gaitzetsi egin du Espainiako Gobernuak datorren urterako aurrekontuetan pentsioak izoztea onartu izana. «Lau pentsiodunetatik hiruk erosahalmena galduko dute».

Gizarte Segurantzaren eta pentsioen sistema aberastasuna berriz banatzeko tresna nagusietako bat dela adierazi du sindikatuak. Hori dela eta, arreta bereziz zaintzeko eskatu die erakunde publikoei. Krisia aitzakia gisa darabiltela uste du CCOOk. «Pentsioak izoztuta defizita murriztuko dela diote, eta lehenago aterako garela krisitik, baina pentsiodunek erosahalmena galduko dute». Izozteak kontrako efektua eragingo duela dio. «Pentsiodunak eta haien familiak kontsumoa murriztera behartuko dituzte, eta horrek enpleguan eragin negatiboa izango du». Protestak antolatzeko asmoa agertu du, eta haietan parte hartzeko eskatu die herritarrei.



Pentsiodunak

ESKAERAK

Erakundeen laguntza. Euskal langileen pentsioak bermatu ahal izateko beharrezkoak diren neurriak har ditzatela erakundeek.

Gizarte zerbitzuak. Aurrekontu publikoekin finantzatutako «kalitatezko» gizarte zerbitzu publikoak.

Kopuruak. Pobreziaren mugaz beheko -1.020 euro- pentsiorik ez dadila egon.

Osasun zerbitzuak. Aurrekontu bidez eta Osasun legea aldatuta ezarri nahi den osasun zerbitzuaren aurka egitea.

Zerga sistema. Zerbitzu publikoak eta pentsioak finantzatzeko zerga politika zuzena eta mailakatua.

Erabakitzeko aukera. Euskal herritarren pentsioez Euskal Herrian erabaki ahal izatea, eta erabakietan gizarte erakundeek eta sindikatuek parte hartu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.