Aeronautika eta armagintza arloan Europako konpainiarik indartsuena sortzeko ahaleginak huts egin du. AEBetako enpresei aurre egin ahal izateko asmoa zuten EADS eta BAE Systemsek, baina gobernuen arteko desadostasunek ezerezean utzi dute. Irailaren 12an elkarrizketak bide onetik zihoazela adierazi eta gero, atzo bertan behera geratu zirela baieztatu zuten bi konpainiek.
Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuko gobernuen oniritzia behar zuen bat egiteak. EADS—Airbusen jabea— Alemania eta Frantziaren kontrolpean dago, eta hainbat iturriren arabera, Alemania izan da bat egitea oztopatu duena, Frantziak Erresuma Batuarekin hainbat arlotan adostasunak lortu ondoren. Jakina zen Angela Merkel Alemaniako kantzilerra ez zegoela operazioarekin guztiz konforme. Bat egitean EADSk akzioen %60izango lituzke, eta Merkel ez dago ados herrialdeek fusioan izango luketen parte hartzearen gainean. Atzo, ordea, gobernuaren jarrera lausotu nahi izan zuen Steffen Seibert bozeramaileak: «[Berlinek] bi konpainien arteko lankidetza babesten du».
Invescoren zalantzak
Gobernuen erabakietatik haratago, bat egitearen inguruko zalantzak azaleratu dira aste honetan. Invesco, BAE Systemseko akziodun nagusia, «oso kezkatuta» agertu da herrialdeen parte hartzea handitzeko aukeraren inguruan. Haren arabera, horrek arriskuan jar zezakeen enpresak AEBetako merkatuan duen lekua.
Politikak zapuztu du EADS eta BAEren arteko bat egitea
Aeronautika eta armagintza arloko konpainien arteko elkarrizketak bertan behera geratu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu