Politikariak banku eta enpresen mende daudela salatu du ELAk

Muñozek esan du ELA ez doala patronalaren itsasontzi berean, interes desberdinak defendatzen dituztelako

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Patronalaren eta politikarien kontra gogor, oso gogor jardun zuen atzo Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak Gasteizko Ogeta pilotalekuan, sindikatuko ehunka afiliaturen aurrean egindako agerraldian. Denak finantza erakundeen mende daudela salatu zuen, haien beharrak asetzeaz baino ez direla kezkatzen, langileak bazterrean utzita. Muñozek adierazi zuen langileen beren eskubideak etenik gabe murrizteko erreformak baino ez zaizkiela iristen, enpresaburuek beren irabaziak zerga paradisuetara bideratzen dituzten bitartean eta politikariek diru publikoarekin bankuak birkapitalizatzeko planak prestatzen dituzten bitartean.

Alde horretatik, eta duela egun batzuk egindako adierazpenen harira, Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuari erantzun zion ELA ez doala patronalaren itsasontzi berean, ELAren interesak langileen interes berak direlako, eta ez datozela bat patronalak dituenekin. Zabaletak honela esan zuen: «Enpresan guztiek [enpresaburuek eta langileek] irabazten dute, edo guztiek galtzen». Gasteizko Daewooko eta Esmaltaciones San Ignacioko eta Iruñeko Volkswageneko langileei hori horrela den galdetzeko eskatu zion Muñozek Zabaletari. «Egindako lanagatik eta emandako zerbitzuarengatik eskerrak emateko, eskutitz bana bidali diete, eta hor konpon Mari Anton».

Iragan astean ELAko ordezkariek Confebaskekin izan zuten batzarraz ere aritu zen Muñoz. «Funtsean, esan genien inoiz ez dela politikarien babesarekin oraingoa bezalako lapurretarik egin». ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, finantza erakundeak dira botere politikoa kontrolatzen dutenak, eta, bien bitartean, langileak politikarien soldatak ordaintzen ari dira haiek bankarientzat lan egin dezaten. «Gizateriaren historian inperio bakar batek ere ez du herria oraingoak bezainbeste ahitu».

Kritikak Garitano eta Bilbaori

Aurrean zituen sindikatuko ordezkariei eskatu zien ez onartzeko murrizketa krisitik irteteko bide bakarra balira bezala, «horixe baita herrialde guztietan egiten ari direna eta guztiek gauza bera egiten dutenen prekarietatea ez delako lehiatzeko abantaila».

Lotsagarritzat jo zuen, berriz, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren eta Martin Garitano Gipuzkoakoaren jarrera, ELAk bilera eskatu arren oraindik ez diotelako erantzun ere egin. Aldiz, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiarekin bai, duela egun batzuk bildu ziren ELAko ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.