Porrot egoera gaindituta, GMC gisa birsortzeko prest dago General Motors

AEBetako Gobernuak 50.000 milioi dolar emango dio konpainia berriari akzioen %60,8ren truke

xabier martin
2009ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Epaitegietako azken hesia gaindituta, oso litekeena da gaur bertan ateratzea General Motors porrot egoeratik. GM berria, General Motors Company (GMC) izenekoa, aurrekoa baino txikiagoa izango da, eta Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua izango du akziodun nagusia.

GMk gaur goizerako prentsaurrea deitu zuen atzo arratsaldean, Lewis Kaplan New Yorkeko epaileak salmentarako azken trabak altxa zituela jakin bezain pronto. Kaplanek ez zuen aintzat hartu GMren autoetan amiantoa erabiltzeagatik kaltetutakoek salmenta atzeratzeko egindako eskaera. Atzo ere bukatzen zen berregituratzearen aurka dauden taldeeiargudioak aurkezteko epea, baina Kaplanen erabakiaren ondoren, salmenta baimentzen zuen Robert Gerber Porrotetarako epailearen epaia indarrean jarri zen.

Fritz Henderson GMko buruzagiak gaur azalduko ditu GMC berriaren sorreraren nondik norakoak. GM zaharraren zatirik onenak jasoko ditu GMCk, eta txarrenek salgai jarraituko dute.

GMC markarekin batera, marka historikoak ekoitziko ditu konpainia berriak, hala nola Chevrolet, Cadillac eta Buick. AEBetako Gobernuak akzioen %60,8 izango ditu, enpresa sortzeko bideratuko dituen 50.000 milioi dolarren truke. Kanadako Gobernuak, berriz, 9.000 milioi dolar jarriko ditu enpresa berrian, eta haren %11,7ren jabe izango da. UAWk %17,5izango du, eta GMren hartzekodunek %10en jabe izango dira. Akzioen %25 arte erosteko aukera ere emango diete hartzekodunei.

General Motorsek milioika dolarreko zorrak ditu, eta ekainaren 1ean porrota iragarri zuen. AEBetan porrot egindako enpresa handiena bilakatu zen orduan. Detroiteko etxea AEBetako enpresa handiena izatera iritsi zen garai batean, eta XX. mendean estilo amerikarraren sortzaileetako bat izan zen; Cadillac, Chevrolet eta beste auto historiko batzuk ekoitzita ikur bat bihurtu zen.

AEBetako ikur bat

Konpainia erraldoiak, baina, ezin izan dio auto salmentak gogor jo dituen krisialdiaren enbatari eutsi, eta zuzendaritzak babestutako porrota iragarri zuen. Ordutik Gerber epaileak ikuskatzen du GMren kudeaketa. Errentagarriak diren konpainiaren zatiak GMCri saldu nahi dizkio zuzendaritzak, zorrak gainditzeko modu bakarra dela esanez. «Aldeak prest daude salmenta berehala egiteko», dio Fritz Henderson GMko presidenteak bere blogean. Gerber epailea ere irtenbide horren aldekoa da: «GMk ezin du iraun etengabeko galerekin eta likidotasunik gabe». GMren errentagarriak ez diren zatiak -hainbat fabrika zein auto dendak- bankarrotan jarraituko dute, saltzen dituzten arte.

General Motorseko hartzekodunek, jubilatuek eta GM autoekin istripuak izandakoek osatzen dute operazioaren aurkako taldeak. Konpainia berria sortzearekin batera euren eskubideak galduko dituztela uste dute, baita United Auto Workers (UAW) sindikatuko langileak gehiegi mesedetu dituztela ere.



Europako GMko sindikatuek ezezkoa eman diote Magnari

Europako GM konpainiaren sindikatuek ez dute sinatu Magna multinazionalak aurkeztu dien proposamena. Sindikatuek esan dute ez dutela Kanada eta Austriako taldearen memoranduma sinatuko baldin eta aurretik zein plan industrial garatuko lukeen ezagutzen ez badute. Maiatzean akordiorako oinarri bat lortu zuen Magna GMk Europan dituen bederatzi fabrikak erosteko. 52.000 lagun ari dira lanean GMn egun, eta Magnak 10.000 lanpostu kenduko lituzke 1.300 milioi aurrezteko planean, 2010etik 2014ra arte. Europako GM erosteko beste proposamenak ere badira, ordea, esaterako BAIC txinatarrak egindakoa. Opelen %51ren truke 660 milioi euro eskaini ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.