Portlandek bi lantegi itxi eta 500 langile kaleratuko ditu

Taldeak bi fabrika ditu Euskal Herrian: Lemoan eta Olatzagutian. Bizkaikoak eten handiak ditu ekoizpenean

Cementos Lemonako langileek iragan astean erregulazioaren kontra egindako protesta bat. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Cementos Portland Valderrivasek gastuak murrizteko neurriak hartuko ditu. Neurri gogorrak. Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian dituen zortzi lantegietatik bi aldi batez itxi egingo dituela jakinarazi zuen atzo FCCk, taldearen jabeak, eta 500 langile kaleratuko dituela. Ez zuen argitu zein itxiko dituen, baina bai zein aukera aztertzen ari den: Bartzelonan dituen bi lantegietatik bat eta penintsularen iparraldean dituen lau lantegietatik bat ixtea. Beraz, Euskal Herrian dituen bi fabrikak —Lemoakoa (Bizkaia) eta Olatzagutiakoa (Nafarroa)— zerrenda beltzean bide daude, Palentzian eta Kantabrian dituen beste bi lantegiekin batera. Erabakia hartzeko, egitura gastuak eta kokapena hartuko ditu kontuan.

Jakina zen taldearen egoera txarra zela. Iaz, Lemoako lantegiko 123 langileak 166 egunez gelditu ziren etxean, zuzendaritzak ekoizteari uzteko agindua eman zuelako. Iragan urtarrilean, berriz, lan talde guztiari 161 egunez kontratuak eteteko erregulazio eskaera aurkeztu zuen.

Berregituratzearekin, ekoizpena eskarira egokitu nahi du Portlandek, etxegintzako krisiaren ondorioz jaitsiera handia izan duelako. 2007an, eraikuntza sektorea bete-betean zenean, taldeak 56 milioi tona zementu saldu zituen Espainiako merkatuan; iaz, 20 milioi tona besterik ez; eta aurten, orain arteko martxan, 16 milioi tonara ozta-ozta iritsiko dela uste du. Bi lantegi itxita eta 500 langile kaleratuta, urtean 30 milioi tona ekoizteko gaitasunari eutsiko dio taldeak, merkatua bere onera etortzean eskaria kopuru horren bueltan ibiltzea espero duelako. Berregituratzea 50 milioi euro inguru kostako zaio.

Ez dira, ordea, balantzea indartzeko taldeak hartu dituen erabaki bakarrak. Cementos Portlandek 1.300 milioi euroren zorra du egun, eta 300 milioi eurora arte jaitsi nahi du, ahal izatera aurten. Horretarako, kapitala 200 milioi euro eta 300 milioi euro artean handitzea aztertzen ari da. Batez ere, industria sektoreko eta nazioarteko akziodunak erakarri nahi lituzke, taldearen kapitalaren %20 beregana dezaten. Horrela, bigarren akziodun bihurtuko lirateke, FCCk jarraituko bailuke taldea kontrolatzen.

Baina zorra murrizteko beste modu bat ere badu eskura Cementos Portlandek: AEBetan duen Giant Cement enpresa saltzea, hain zuzen. 700 milioi eurotan balioetsita dago, eta 340 milioi euroren zorra du; hiru lantegi ditu AEBetako ekialdeko kostan.

Bi aukeretatik onena zein den aztertzen ari dira orain Cementos Portland taldearen arduradunak, ez baitute biak batera aurrera eramateko asmorik.Estrategia ekainerako erabakiko dutela jakinarazi dute, eta bien bitartean finantza erakundeekin negoziatuko dutela, zorraren ordainketa atzeratzeko.

Inama ixtea sinatu dute

Muxikako (Bizkaia) Inama enpresaren jabeek —Finsa taldea— eta hango langileen arduradunek kaleratze baldintzak hitzartzea lortu zuten herenegun. Hitzarmenak lantegiaren behin betiko itxiera ekarriko duela adierazi zuten sindikatuetako iturriek.

David Palacios langile batzordeko ELAko ordezkariaren esanetan, erregulazioak eragiten dien 107 langileetatik 63k onartu zituzten adostutako kaleratze baldintzak. Langileek 30 eguneko kalte-ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko, hogei hilabeteko mugarekin, edo, bestela, 50.000 euroko ordaina. Komertzial lanetan aritzen ziren hamar bat langilek taldearen beste lantegi batzuetan jarraituko dute lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.