Grebarekin jarraitzeko "ahaleginak" egingo dituela azaldu du gaur goizean Marinek, medikuek bertan behera uzteko esaten dioten arren.
Palista lanpostutik garbiketa zerbitzura lekualdatu nahi zuten. Haren ustetan, azken zeregin hori besteak bezain duina da, baina gogorarazi du dagoeneko lan horretan ari zirela beharrean beste bi lagun.
Marinek bi irtenbide posible ikusten ditu: edo kontrata dezatela berriro bere ohiko postuan (palista gisa), edo adostu dezatela kaleratze "duin" bat.
Olatzagutiko Cementos Portland lantegiko erregulazioarekin 58 urtetik gorako hainbat langilek aldez aurreko erretiroa hartu zuten, eta Marinek 57 urte ditu orain. Haren arabera, zuzendaritzak berarekin egin duena "mendekua" da. 43 urte eman ditu enpresan lanean, horietatik hogei enpresa batzordean ELAko ordezkari gisa.
Urte hasieran, enpresa batzordeko ELAko hiru kide gose grebara batu ziren lau egunez.
Hilaren 17an Iruñean kontziliazio bilera izango da, eta egun horretara arte behintzat greba mantendu nahi du —epaiketa izan aurretik izan ohi da bilera hori—. Enpresak zer esango zain dago bitartean.