"B planik" ez zuela zioen Portugalgo Gobernuak, baina Troikak agindutako defizit mailara jaitsi nahi badu, buruari eragin beharko dio. Konstituzio Auzitegiak atzo gauen emandako ebazpenarekin golde ederra hartu du. Izan ere, aurtengo aurrekontu orokerretan onartutako hainbat neurri legez kanpokoak direla esan du. Haren arabera, esfortsuei dagokienean, berdintasun printzipioa urratu da. Funtzionarioei eta pentsionistei udako aparteko ordainsaria kendu izana eta langabezia eta gaixotasun prestazioek %6 eta %5 jaitsi izana dira baliogabetutako neurriak. Oposizioko alderdiek aurrekontuen bidez onartutako zerga igoerak ere salatu zituzten, baina horiek ez dutela legea urratzen adierazi du Konstituzio Auzitegiak.
Aipatutako neurriekin mila milioi euro aurreztu nahi zituen Pedro Passos Coelhoren gobernuak. Orain, puntu portzentual bat igo daiteke defizita. Ebazpenak behartu egiten du Gobernua orain arte ordaindu gabeko diru hori ordaintzera. Iazko uztailean ere epaileek esan zuten legez kanpokoa zela sektore publikoan aparteko ordainsariak debekatzea eta sektore pribatuan baimentzea; orduan, ordea, neurria aplikatzeko baimena eman zuten, herrialdearen finantza egoeraren eraginez.