Azken asteetan hedabideek titulu deigarririk ez diote eskaini Portugali, funtsean, inbertitzaileek atseden eman diotelako. Baina bukatu da lasaitasuna: presioa gogortu dute eta haren zorraren gaineko interesek orain arteko muga guztiak gainditu dituzte. Urtarrilaren 13an Standard & Poors rating agentziak zorraren kalifikazioa zabor bonuen parera jaitsi zionetik, oinarrizko 300 puntu igo da herrialdearen arrisku saria —atzo, 1.461 puntutan bukatu zuen saioa—. Euroa darabilenetik sekula ez zen maila horretara iritsi.
Zergatik? Inbertitzaileak ez direlako fio; ez dutelako uste Portugal bere erantzukizunei aurre egiteko gai izango denik. Greziari gertatu zaiona gertatuko zaiolakoan daude. Alegia, porrotetik salbatzeko zorraren zati bat barkatu beharko diotela.
Azken egunetan, Portugalen hamar urterako zor bonuen truke %15,7ko interesa eskatu dute inbertitzaileek, eta bost urterakoen truke, %20koa. Konparazio bat egiteko, Alemaniaren hamar urteko tituluengatik %1,7ko errentagarritasuna eskatu dute, Espainiaren tituluengatik %4,96koa eta Italiaren tituluengatik %6koa. Greziaren bonuengatik, berriz, %44koa.
Aurreikuspenek ere ez diote laguntzen. Portugalgo Bankuaren esanetan, herrialdeko ekonomia %3 inguru uzkurtuko da aurten. Eurostaten arabera, berriz, lanerako sasoian dauden herritarren %13,6k ez dute lanik. Defizitaren mugak errespetatzeko Lisboak hartutako murrizketa neurri gogorrek itotzeko zorian dituzte herritarrak. Soldatak izoztuta, aparteko ordainsariak kenduta eta balio erantsiaren zerga igota, apenas kontsumitzen duten.
Inbertsioak aseguratzen
Portugalek porrot egiteko beldurrak aseguruak egitera bultzatu ditu haren hartzekodunak, CMA arriskuak neurtzen espezialista den enpresaren arabera, %71koa baita Portugalek porrot egiteko arriskua. Hau da, hondoa jotzeko aukera gehiago dituela aurrera ateratzeko baino. Eta arrisku hori egunetik egunera handitzen ari ei da.
Ez pentsa, ordea, milaka milioitako inbertsioak aseguratzea broma denik. Are gehiago diru hori itzuli behar duena Portugal denean. Une hauetan, bost urtean bueltatzeko hamar milioi euroko kreditu baten asegurua ia lau milioi euro kosta daitekeela dio CMAk. Hasieran ordaindu beharreko kopuru horri, gainera, asegurua mantentzeagatik urtero ordaindu beharreko 100.000 euro inguruko kuota gehitu behar zaio.
Mariano Raxoi Espainiako presidenteari iragan astean egindako bisitan, Portugalek diru gehiagorik ez duela beharko ziurtatu zuen Pedro Passos Coelho hango lehen ministroak. Baikor mintzatu zen Vitor Gaspar Finantza ministroa ere urtarrilaren 19an, azken hilabeteetako enkanterik arrakastatsuenaren ostean. «Litekeena da gauzak aldatzeko zorian egotea», zioen. Adituek, ordea, kontrakoa zioten ordurako: enkante hartan saldutako zorra epe motzerakoa zela eta epe luzerako zorraren interesak etenik gabe igotzen ari zirela.
Portugali ere zorra barkatu beharko dioten beldur dira inbertitzaileak
Egindako inbertsioak berreskuratuko dituztela ziurtatzeko, aseguruak egiten ari dira hartzekodunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu