Argazkigintza. Digitalizazioaren ondorioak

Positibatzea negatibo bihurtu da

Digitalizazioaren hedatzeak lur jota utzi du argazkigintzaren eredu tradizionala. Denda asko itxi egin dituzte, eta Kodak konpainia aitzindaria porrot egitear utzi du.

Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Argazkigintza negozio eredu berrien bila dabil. Kodak enpresa estatubatuarrak 1888an paperezko bobina sortu eta hori errebelatzeko sistema martxan jarri zuenetik, argazki sektoreak negozio eredu horri heldu izan dio mende batez. Argazkigintza digitala indarrean sartu zen 2000ko hamarkadan, eta orduz geroztik sektoreko enpresa handiak zein argazki denda txikiak negozio eredu horri ordezkoa topatu nahian dabiltza. Bobinak saltzeak eta errebelatzeak dagoeneko ez du dirurik ematen, eta herritarren argazkiak ordenagailuetan pilatzen dira, albumetan pilatu beharrean. Album digitalak edo inprimagailu profesionalak izan dira pilaketa horien ondorio batzuk, baina ez dira eredu zaharra bezain errentagarriak.

Krisi horren zurrunbiloaren erdian, Kodak enpresa dago, zeina argazkigintza eredu zaharraren aitzindari izan zen. Izan ere, multinazionalaren egoera larria da. Azken bolada honetan bolo-bolo dabil enpresa historiko horrek porrot egin dezakeen zurrumurrua, eta ez da gutxiagorako, datuek hori erakusten baitute. 2010. urtea 687 milioi dolarreko zorrarekin amaitu zuen enpresak, eta, denera, 3.500 milioi dolarreko zorra du. 2011ko datuak ere ez dira askoz hobeak. Burtsan dauzkan akzioen balioa %78 jaitsi dira urtea hasi zenetik, eta, ondorioz, 320 milioi dolarreko kapitalizazioa egin beharko luke Kodakek. Horiek hala, lau burtsa etxek gomendio bat egin diote argazkigintzako enpresari: saldu.

Supermanen kriptonita

Garai batean ia argazkigintzaren sinonimoa zen etxea egoera horretan ikustea harrigarria izan daiteke, batez ere lehen kamera digitala Kodakek sortu zuela kontuan hartzen baldin bada; 1975ean sortu ere. Lehena izan zen iristen, baina aro digitalean atzean geratu da. «Supermanek kriptonitarekin bezala jokatu zuen Kodakek kamera digitalarekin: Ipar Poloan ezkutatu zuen, gauza txarra izango zelakoan. Baina gaiztoek beti topatzen dute», azaldu du Antonio M. Perezek, Kodakeko presidenteak. Izan ere, multinazional estatubatuarrak negozio biribila zeukan antzinako argazkigintza ereduarekin.

Porrotaren arrazoia zein izan den esateko orduan, adituak bat datoz: beranduegi sartu zen digitalizazioaren erronkan. 2000. urtean, eredu berria oraindik sustraitu gabe zegoenean, Kodakek 1.407 milioi dolarren irabaziak izan zituen. 2004an, berriz, digitalizazioa merkatuan gogor sartu zen, eta urte horretan bertan Kodak Dow Jones balore indizeetatik kanpo geratu zen, 1930etik bertan egon ondoren.

Irautea helburu

Egoera hori zela eta, berregituraketa prozesu batean sartu zen enpresa. Baina prozesuak uste baino emaitza okerragoak ekarri ditu. Izan ere, une honetan, beste hamabi hilabete iraun ahal izateko, patenteen salmentan murgilduta dago Kodak. Irudi digitalaren inguruan dauzkan 1.100 patenteak salduko balitu, 2.000milioi dolar inguru lortuko lituzke.

Diru iturri horri muzin ezin egin, eta patenteen salmenta prozesua hasi du jadanik. Eta horien artean, Kodaken harribitxia saldu berri dute: Image Sensor Solutions (ISS), edo argazkigintza digitaleko sentsore saila. ISS gaur egungo ia argazki makina digital gehienetan dagoen sentsorea da, ezinbestekoa da argazkiak era digitalean ateratzeko. Sentsore horren patentea Kodak enpresarena izaki, diru sarrera mardulak lortzen zituen urtero enpresak.

Garai berrietara egokitzeko prozesuaren barruan, Kodakek Internet bidezko salmentan, album digitaletan edo etxean inprimatzearen aldeko apostua egin zuen. «Baina porrota porrotaren atzetik izan da», Josu Viñaspre Bizkaiko Argazkilari Profesionalen Elkarteko presidentearen ustez. Eredu horren aurrean, Fuji enpresa japoniarrak garatu duen negozio sistema azpimarratzen du. Izan ere, digitalizazio aroa hastearekin batera, Fujik bere gidalerroekin aurrera jarraitu zuen. Inprimatze prozesuko goi mailako teknologia garatzen hasi zen, salmenta postu eta laborategietarako. Oraindik errebelatzeak negoziorako bidea izateko aukera zuela uste zuen, «eta horretan Kodaken aurretik doa».

Argazki dendak, kinkan

Digitalizazio prozesua hasi aurretik, pertsona bakoitzak urtean 50 argazki ateratzen eta errebelatzen zituen batez beste. Gaur egun, askoz argazki gehiago ateratzen dira, baina errebelatu, berriz, oso gutxi. «Egun ateratzen ditugun argazkien %1 bakarrik errebelatuko balitz, ez ginateke egoera honetan egongo», Viñaspreren hitzetan.

Baina argazki kopuru hori ez da errebelatzen. Digitalizazioak enpresa handiei zuzenean eragin die, eta are gehiago eragin die iraganean zerbitzu hori eskaintzen zuten argazki denda arruntei. «Enpresa handiak krisiarekin ozta-ozta eusten edo ixten ari baldin badira, sektoreak kontsumorik ez duelako da», dio Viñasprek. Argazki dendak, potentzia ekonomiko modura, «ezdeusa» direla dio. Izan ere, errebelatzeak ez ezik, argazki denden beste diru iturri nagusia ere jaisten ari da: argazki kameren salmenta. Espainian, esaterako, 3,48 milioi kamera saldu ziren 2007an, eta 3,19 milioi 2009an, %7,3 gutxiago. Orduz geroztiko daturik ez dago, baina are gehiago jaitsi dela onartu du sektoreak. «Hori dela eta, argazki denda ugarik itxi egin behar izan dute», Viñasprek adierazi duenez.

Elgoibarko Azkue Argazkiak dendako Isabel Azkue ere kinka horretan dago. «Une honetan dendatik ez dut soldatarik lortzen, irauten ari naiz», dio. Interneti, argazki makina digitalei eta saltoki handiei egozten die bere egoeraren errua. «Gaur egun inoiz baino gauza gehiago egin daitezke kamera digitalekin, baina jendeak ondoren ez du ezer egiten argazki horiekin», dio. Argazkiak errebelatzea iraganean baino merkeagoa dela azpimarratu du, «baina utzikeria handia sumatzen dut horretan». Jendeari ere argazkiak paperean edukitzea gehiago gustatzen zaiola uste du, baina nahi hori ez du ondoren dendan sumatzen.

Horri guztiari buelta eman ahal izateko, eskaintza zabaltzen ari da Azkue: album digitalak, marko digitalak, eskaintzak errebelatzeko orduan... baina neurri horiek ere ez diote diru iturri askorik eman.

Kameren salmentan ere sumatu du beherakada edo geldialdia. «Jende ugari inguratzen zait kamera hemen ikustera, eta, ondoren, Internet bidez erosten dute». Konpetentzia olde horri bakarrik aurre egitea zaila ikusten du Azkuek, eta horrela jarraituz gero, herrietako argazki dendak desagertu egingo direla uste du.

Krisiari aurre egiten

Guztiz aurkako egoeran dago Ikatz argazki denden sarea, krisi digitalari aurre egitea lortu baitute, merkatu berriaren eskariak aztertu eta gero. «2005ean, digitalizazio prozesua pil-pilean zegoenean garbi ikusi genuen orain arteko merkatu tradizionalak ez zuela jarraipenik izango», Valentin Basañez Ikatz argazki denden sareko komunikazio arduradunaren hitzetan. Errebelatze prozesuarekin aurrera jarraitu zuten, baina lan ildo berriak jorratzen. Besteak beste, album digitalak, argazki apaingarriak, Internet bidezko salmenta... Horretarako inbertsio handia egin zutela onartu du Basañezek. «Denden egitura ere goitik behera aldatu behar izan genuen». Digitalizazioaren aurretik, argazki dendek bezero «iheskorrak» zituzten, hau da, film bat errebelatzeko edozein dendatara joatearekin nahikoa zuen. Gaur egun, ordea, «bezeroak erakarri egin behar ditugu, dendan dauden produktuak kontsumi ditzaten». Horregatik, Ikatz argazki dendak bisualki erakargarriagoak dira, zerbitzu berriak eskaintzeko bideratuta.

2005ean, digitalizazioaren krisiari aurre egiteko hainbat neurri hartu zituzten Ikatzen, eta 2008an hasi ziren hausnarketa eta eraberritze prozesu horren emaitzak sumatzen. «Edozein modutan, orain finantza krisian sartuta gaude, eta horrek zuzenean eragin digu, kontsumo krisi bat baita. Edozein modutan, sektoreko krisia gaindituta daukagula esan dezakegu une honetan», Basañezen hitzetan. Argazkigintzako negozioaren gainbeherari eutsi izana Ikatzek bere garaian egindako apostuaren ondorio zuzena dela dio, «sektorearen gehiengoa aurkako norabidean baitzebilen oraindik».

Euskal Herrian 21 denda dauzka zabalik Ikatz sareak, eta horietako batzuk digitalizazio krisiaren ondoren sortutakoakdira. Horretaz gain, kanpora ere zabaldu du bere eredua, Espainian ere hainbat salmenta postu zabaldu baititu. «Argazkigintzan izan den aldaketak guri behintzat on egin digu, merkatu zaila bada ere».

Basañezen ustez, dendetan daukaten eskaintzak bezeroak asebete egiten ditu, «album digital bat eskatu eta jasotzen duenean, esaterako, gogobetez hartzen dute». Horregatik, argazki denden ereduak jarraituko badu ildo horiek jorratzen jarraitu beharko dela uste du Basañezek.

«Intrusismoa»

Argazki denda txikiek digitalizazioarekin negozio jaitsiera sumatu dute, eta, ondorioz, estudioko argazkietan edo erreportajeetan topatu dute askok irtenbidea. Baina hor ere negozioak behera egin du.

Teknologiaren sozializazioarekin, gizartean aurrerapauso handia eman dela uste du Viñasprek, «baina kalean dagoen kultura grafiko eskasarekin, edozein argazkilaria den ustea oso zabalduta dago». Eta horrek guztiak argazkilarien lanbidean zuzenean eragiten du, orain arte profesionalek eskaintzen zituzten argazki erreportajeen negozioan «intrusismo handia» izaten ari baita azken boladan. Legea bete gabe lan egiten duten afizionatu asko dagoela salatu du, eta kexu da horren guztiaren kontra erakundeek ez dutelako ezer egiten».

Hori nahikoa ez eta txarteletako argazkiak gaur egun azterketa zentroetan bertan egitea hobesten dela salatu du Viñasprek. «Horrek sektoreari sekulako mina egin dio, txarteletako argazkien bidea iturri ona baita argazkilarientzat».

Hori dela eta, argazkigintzaren profesioak eta argazki dendek aurrera jarraitu ahal izateko gizartea hezi egin behar dela uste du Viñasprek, «argi utzita edonor ez dela argazkilaria». Era berean, sektoreko profesionalek egunetik egunera gero eta lan hobea egin behar dutela uste du, «hori baita gure ogibidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.