Bizkaiko postariek egun osoko lanuztea egingo dute gaur. Litekeena da Correoseko lurralde agintariarekin biltzea goizean. Gatazka konpontzeko, behargin gehiago hartzeko eskatuko diote, ostera ere. Correosek, dena den, ohartarazi du ELA, LAB eta ESK-k aurreikusitako lanpostu guztiak betetzeko eskatu baina ez dutela gogoan hartu laneko hutsegite ugariek eragindako behargin eskasia. Enpresak, gainera, ukatu egin du langileen %70k lanuzteekin bat egin dutela.
«Bizkaiko 756 postarietatik 469 lanean ari dira. Postarien %65, alegia», azaldu du prentsa ohar baten bidez. Correosen hitzetan, «inguru jakin batzuetan bakarrik» daude banaketa arazoak: Bilbon, Ermuan, Derion, Durangon eta Barakaldon. Beste udalerrietako herritarrak, «gutxi gorabehera», normaltasunez jasotzen ari dira gutun, ziurtagiri eta paketeak. Bulegoetan pilatutako objektuez daturik ez du eman Lurralde Agintaritzak.
«Legez kanpoko» neurriak
Correosek gezurtatu egin du greba eskubidea urratzen ari dela: «Ohitura den legez, Gabonetan langile gehiago hartu ditugu, %16 gutun gehiago banatu behar ditugulako. Ez dugu kanpoko jendea kontratatu grebalarien ordez. Ez dugu legez kanpoko neurrik ezarri».
Lurralde Agintaritza «negoziatzeko prest» dago. CCOO eta UGTrekin egindako hitzarmenak erakusten du Correosen «prestutasuna». Azaldu duenez, «hitzarmen ona da, bai langileentzat, bai enpresarentzat, postari kopuruaren arabera mugatzen baitu aparteko lan zama». Ildo horretatik, ELA, LAB eta ESKren «jarrera hertsia» kritikatu du: «Legez araututako hiru ordu eta erdiko lanuzteetatik haratago doaz langileen protestak. Geldialdiak lanaldi osoari eragiten diote, herritarren kalterako».Lurralde Agintaritzaren adierazpenak gaitzetsi dituzte sindikatuek. Diotenez, «enpresaren setakeria traba da lan gatazka behingoz konpontzeko».
LAN GATAZKA
Postarien %65 lanean, Correosen ustez
Lurralde Agintaritzak salatu du «legez araututako hiru ordu eta erdiko lanuzteez haratago» doazela langileen protestak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu