EKONOMIA

PPk 400 euroko laguntza jasotzeko bidea itxi du

Langabezia saririk jasotzen ez dutenek eta 481 euro baino gutxiago irabazten dutenek jaso ahalko dute laguntza, baina, langabea familiaren etxean bizi denean, familiako kide guztien diru sarrerak hartuko dira kontuan —gurasoak eta aitona-amonak barne—. Neurri horrek bereziki zigortzen ditu lanik gabe geratu direlako gurasoen etxera itzuli direnak. Beste baldintzen artean, aurretik urtebete langabezian egon izana. Laguntza sei hilabetez jasoko da, bizitzan behin. 

2012ko abuztuaren 24a
19:39
Entzun

Espainiako Gobernuak langabezia saririk ez dutenek jasotzen duten 400 euroko laguntza luzatu du, baina laguntza jasotzeko bidea itxita. Batzuei laguntza handituko die PPren gobernuak, baina beste batzuek ezingo dute jaso. Izan ere, neurri zorrotzak jasotzen dira Enplegurako Prepara Plana izena hartu duen programan. Aipagarriena, etxebizitza berean bizi diren senide guztien diru sarrerak aintzat hartuko dituztela 400 euroko laguntza emateko orduan. 

Langabezia saririk jasotzen ez dutenek eta lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 baino gutxiago irabazten dutenek jaso ahalko dute laguntza. Alegia, 481 euro baino gutxiago irabazten dutenek —gutxieneko soldata 600 euro da—. Langabea familiaren etxean bizi denean, baina, familiako kide guztien diru sarrerak hartuko dira kontuan; orain arte, anai-arrebak, bikotekidea eta seme-alabak hartzen ziren kontuan. Gurasoak eta aitona-amonak gehitu ditu Gobernuak zerrenda horretara. Ondorioz, neurri horrek bereziki zigortzen ditu langabezian geratu direlako gurasoen etxera itzuli direnak. 

Kalkuluak errazak dira. Hartu etxebizitza berean bizi diren familiako kide guztien diru sarrerak, eta zatitu senide kopuruagatik. Emaitzak 481 euroko muga gaindituz gero, laguntzarik ez. Adibidez: lau laguneko familia, bi guraso eta bi seme-alaba. Gurasoetako bakoitzak 1.000 euroko soldata. Seme-alabek, diru sarrerarik ez. 2.000 euro zati lau lagun, 500 euro. Gainditu egiten dute 481 euroko muga, eraz, seme-alabek ezingo lukete laguntza jaso. Muturreko egoeretan, are okerrago. Bi laguneko familia, guraso bat eta seme edo alaba bakarra. Gurasoak 1.000 euroko soldata, besteak diru sarrerarik ez: 1.000 zati bi lagun, 500 euro. Diru laguntzarik ez.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko bozeramailearen esanetan, aldaketek bermatuko dute "baliabiderik ez duen inor ez dadin gelditu Gobernuaren laguntzarik gabe". Asteartean Espainiako Gobernuak aurreratu zuen 50 euro gehiago emango dizkiela langabezia saririk ez duten eta zama handia duten langabeei; alegia, bikotekidea eta bi senide bere gain dituzten langabeek 450 euroko diru laguntza jasoko dute. 

Fatima Bañez Espainiako Gobernuko Lan ministroak adierazi du "hobekuntzen" helburua bikoitza dela "ahulenei laguntzea eta benetan lan bat lortzeko bitartekoa izatea". Izan ere, harrituta agertu da planak orain bitarte oso langabe gutxi sartu dituelako lan merkatuan. Laguntza jasoko dutenen prestakuntza "ebaluazioen bidez" hobetuko dutela adierazi du Bañezek. Beste baldintzen artean, aurretik urte bat langabezian egon izana, gainontzeko langabezia sariak agortu izana eta beste laguntzarik ez jasotzea. Bañezek argitu du laguntza sei hilabetez bakarrik jasoko dela, bizitzan behin. 

Orain bitartean, Hego Euskal Herrian 13.100 langabek jasotzen dute 400 euroko laguntza: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 8.700ek, eta Nafarroan, 4.400ek.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.