Beren ardurapean hiru senide dituzten denbora luzeko langabeek 51 euro gehiago jasoko dituzte aurrerantzean Hego Euskal Herrian. Orain hilean 399 euro jasotzen dituzte, eta aurrerantzean, berriz, 450. Gehienez sei hilean. Lau lagunentzako laguntza da: laguntza jasotzen duena, bikotekidea eta bi senide. Egunean, orain, 13,3 euro jasotzen dituzte, eta aurrerantzean 15 euro jasoko dituzte. Espainiako Gobernuarentzat hori herritarrak babestea da, Fatima Bañez Lan ministroaren esanetan.
Espainiako Gobernuak etzi onartuko du 400 euroko laguntza —Prepara plana— luzatzeko dekretua. Laguntza hori jaso dezakete langabezia saria amaitu zaienek, prestakuntza ikastaroak egitearen truke, teorian lana lortzeko. Hego Euskal Herrian 13.100ek jasotzen dute: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 8.700ek, eta Nafarroan, 4.400ek.
Plana aldatu egingo dute. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, «hobetu». Espainiako Gobernuko hainbat ordezkarik bilera egin zuten atzo Madrilen, aldaketak hitzartzeko. Senideen ardura dutenek diru gehiago jasoko dutela baino ez zuten zehaztu.
Bileraren ondoren Bañezek esan zuen Espainiako Gobernuak «argi» utzi nahi duela «garrantzitsuena dela benetan laguntza behar duten guztiak ez geratzea babesik gabe krisiaren irteeran».
Bañezek ñabardura garrantzitsu bat egin zuen, laguntza «benetan» behar dituenak aipatu baitzituen. Ez da PPko ordezkariek laguntza jasotzen dutenetako batzuek benetan ez dutela behar iradokitzen edo zuzenean esaten duten lehen aldia.
Espainiako Gobernuaren eta PPren argudioa da 400 euroko laguntza jasotzen dutenetatik oso gutxik lortzen dutela lanean hastea, eta laneratzeko laguntza baino gehiago, gizarte laguntza bihurtu dela. Espainiako Lan Ministerioaren datuen arabera, Espainian 500.850 lagunek jaso dute laguntza indarrean jarri zenetik —2011ko otsailetik—. Lehen seihilekoan %20k lortu zuten lana; bigarrenean, aldiz, %6k.
Horregatik, plana «eraginkorragoa» bihurtu nahi dute. Halakoetan ez dute aipatzen krisiaren eragina eta langabeziaren hazkundea. Bañezek berak atzo esan zuen baliabide guztiak jarriko dituztela 400 euroko laguntza lana lortzeko «azken sarbidea» izan dadin.
Eztabaida ministroen artean
Cristobal Montoro Ogasun ministroak eta Jose Manuel Soria Industriak ika-mika publikoa izan zuten atzo, energia sektorearen erreformari buruz. Soriak zerga bereziak ezarri nahi dizkie energia berriztagarriei eta gas naturalari. Montorok esan zuen neurrien kontra dagoela eta berak erabakitzen duela zergei buruz; Soriak erantzun zion eskuduntza berea dela.
PPk 51 euro handituko du lau lagunentzako laguntza
399 euroko laguntza 450ekoa izango da luzaroan lanik gabe daudenentzat, beren ardurapean hiru senide badituzteEspainiako Gobernuak etzi jakinaraziko ditu laguntza jasotzeko baldintza berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu