Nafarroako Parlamentuan 2012rako aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatu dituzte gaur, eta PPk bat egin du Gobernuan dauden bi alderdiekin, UPN eta PSNrekin, horiek atzera botatzeko. Nafarroa Baik, Bilduk eta Ezkerrak aurkeztu dituzte osoko zuzenketak. Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilariak esan du aurrekontuen proiektua zilegi dela Nafarroarentzat, eta babesa eskatu du 3.711 milioi euroko aurrekontuarentzat.
Mayorga Ramirez Bilduko parlamentariak esan du aurrekontu horiek ez dutela Nafarroara irtenbiderik ekarriko, eta langabezia handidtzeko, gizartean ezberdintasun gehiago sortzeko eta zerbitzu publikoak ahultzeko besterik ez dutela balioko argudiatu du. UPNren modeloak porrot egin duela esan du, eta beste bat behar dela gaineratu du.
Patxi Zabaleta Nafarroa Bairen parlamentariak Nafarroan beste aurrekontu batzuk egitea posible dela aldarrikatu dute, "gizarteak eskatzen dituenak, arduratsuak eta etorkizunari begiratzen diotenak". Murrizketak osasungintzan, politika sozialetan, kulturan eta inbertsioetan egingo direla salatu du.
Jose Miguel Nuin Ezkerrako bozeramaileak ere langabezi gehiago ekarriko dutela esan du, eta krisia sortu duten politika "neoliberalak" mantentzen dituela adierazi du, "murrizketenak eta publikoa eta soziala erasotzen dutenak".
Aurtengo murrizketetan aldaketa egon litezkeela esan du Barcinak
Defizita %1,3ra jaistea du helburu Yolanda Barcinaren gobernuak aurten, eta presidenteak gaurko saioa hasi aurretik esan du abenduaren 31ra bitartean aurtengo aurrekontuetan aurreikusita zeuden zenbait lan egin gabe espero dutela lortzea. Hala ere, horrekin nahiko izan beharko lukeela esan arren, ohartarazi du diru-sarrerak aldatu egiten direla.
Nafarroako Parlamentura sartu aurretik eurek ez dutela Eusko Jaurlaritzak egin dituen murrizketa "gogorrak" egin behar izan. "Guk egin ditugu gure murrizketak", esan du. Hala ere, urte bukaera bitartean defizita %1,3ra jaisteko gehiago egin beharko dute, aipatutako lan horiek ez egitea hasiera batean.
%20 eta %37 arteko murrizketa euskarazko hedabideentzat
Gobernuak irailaren 7an jakinarazi zuen krisia dela-eta aurtengo aurrekontuetan 327 milioi euroko gastu murrizketa egingo duela, bere kontuen egonkortasuna bermatzearren. Besteak beste, euskarari eragingo dio horrek. Hedabideen kasuan, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak orain bi aste salatu zuenez, urteko bigarren ordainketan, %20 eta %37 artean jaitsi ditu diru laguntzak.