Kutxen bateratzea

PPk dio Kutxabanketik kanpo gelditu direla "parte hartu nahi ez zutenak"

Leopoldo Barredak adierazi du EAEko bankuak "babes nahikoa" duela EAJren eta PPren akordioaren ostean. Mario Fernandez Kutxabankeko presidente izango denaren esanetan ez dute negoziaziorik hasi beste banketxeekin. 

2011ko abenduaren 30a
18:12
Entzun

Leopoldo Barreda PPko diputatuak adierazi du Kutxabank EAEko proiektutik kanpo gelditu direla "parte hartu nahi ez zutenak". Haren esanetan, PPk "banku profesional baten alde egin du eta erakunde berriaren kudeaketa eraginkor bat babestu; eta hor dago [EAJren eta PPren] akordioa". 

Barredak PPk egindako planteamendua "guztiz koherentetzat" jo du, "bai kontseilari gisa proposatutako pertsonen aldetik, baita erakunde finantzioarioen despolitizazioari dagokionez ere". Haren ustez, akordioak ez du biltzen alderdiak nahi zuen "guztia", baina proiektuak "babes nahikoa" du. Gaiari amaiera ematea "nahitaezkoa" dela adierazi du, Kutxabank urtarrilaren 2an jarriko baita martxan. 

Atzo osatu zuten Kutxabankeko Administrazio Kontseilua EAJk eta PP, azken orduan eta Bildu eta PSE-EE kanpoan utzita. Integraziorako kontratua aldatu eta kontseiluko kide kopurua hogeitik hamabostera jaistea erabaki zuten atzo BBK, Kutxa eta Vitaleko administrazio kontseiluek. Kopurua jaitsita, BBK-k bederatzi lagun izendatzea adostu zuten, Kutxak lau eta Vitalek bi —integrazio kontratuan jartzen zuen BBK-k hamabi, Kutxak sei eta Vitalek bi—. Bilduk eta PSE-EEk adierazi dute EAEko bankua ez dela izango "errealitatearen isla".

Zabalduz eta sendotuz joango den proiektua

Mario Fernandez BBKko presidentea izango da  Kutxabankeko presidente. Fernandezek adierazi du momentuz ez dutela inolako "harreman edo negozioariorik" hasi beste banketxeekin; hala ere etorkizunean Kutxabank handitzen joango dela uste du. Datorren urtean, banku berriak proiektua zabaldu eta sendotzeko lan egin beharko duela esan du. 

BBKk izendatutako kontseilari gehienak EAJren ingurukoak direla galdetuta, esan du: "ez dakit zergatik jartzen den zalantzan euren profesionaltasuna aurretik politikan izandako jardunagatik; beste banku eta elkarte batzuetako buruek ere kargu politikoak izan dituzte eta horiek ez dira zalantzan jarri". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.