Zazpi puntuko proposamena aurkeztu du Javier Maroto Gasteizko alkateak oinarrizko errentaren baldintzak gogortzeko etorkinei. "Laguntza sozialak bai, baina legeak abusuak onartzerik ez dugu nahi", esan du Marotok. Azaldu du PPk Eusko Legebiltzarrera eramango duela proposamena, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) lege aldaketa defendatzeko ganberan.
Lehenik eta behin, legez kanpoko etorkinei gutxieneko errenta debekatzea proposatu du Marotok: "Sistematik kanpo dagoena ezin da sistemaren onuradun izan". Haren esanetan, DSBEa "bizi bitarteko soldata" bihurtzen da paperik gabeko etorkinentzat, ez daukatelako lan merkatura sartzeko aukerarik.
Bigarrenik, gutxieneko errenta jasotzeko baldintzatzat jarri nahi du eskatzailea EAEn gutxienez hamar urtez erroldatuta egotea. Haren ustez, "DSBEa ezin da izan iritsiberrientzat edo zuzenean gutxieneko errenta kobratzera datozenentzat".
Hirugarrenik, PPk proposatu du errenta jasotzeko beharrezkoa izatea aurrez Gizarte Segurantzan kotizatu izana edo lan ibilbide bat ziurtatzea. Kasu jakin batzuetan ez litzateke bete beharrekoa izango baldintza hau, gaixo kronikoen, buruko gaixoen eta ezgaituen kasuan.
Laugarrenik, popularrek ukatu egin nahi die gutxieneko errenta delitu larriengatik zigortuak izan diren pertsonei ere.
Bosgarrenik, ondasunagatik "desberdintasunak" eten nahi ditu Marotok. Haren esanetan, DSBEa ukatzen zaie ondasun bat dutenei, nahiz eta ondasun horrek balio handirik ez izan. Atzerritarrei, berriz, ematen zaie laguntza, atzerrian ondasunak izan baditzake ere hemen deklaratu barik, Gasteizko alkatearen arabera.
Seigarrenik, alderdi popularrak debekatu egin nahi du gutxieneko errenta jasotzen duten atzerritarrek diruaren zati bat euren herrialdera bidaltzea, "jatorrizko familien oinarri ekonomikoa izatea saihesteko".
Azkenik, Marotok proposatu du gutxieneko errenta jasotzen dutenak behartzea gizartearen onurarako lanak egitera, zeintzuk zehaztu barik.
Arrazismoaz eta populismoaz
Joan den uztailean sortu zuen debatea Gasteizko alkateak, esanez aljeriarrek eta marokoarrek ez dutela nahi lan egin eta gutxieneko errenta kobratzea dutela helburu gizarte laguntzei iruzur eginez. SOS Arrazakeria erakundeak eskatuta, EAEko Fiskaltza Nagusiak diligentziak abiarazi ditu. Nolanahi ere, Marotok berretsi egin ditu bere adierazpenak: "Ez naiz damutzen esandakoaz. Kontzientzia oso lasai daukat".
Areago, etorkinen kontrako adierazpen gehiago egin ditu. "Lanbideko leihatilara doan pertsonaren azalean jartzen naiz, pertsona horri esaten diotenean ez duela laguntzarik baratze bat duelako bere herrian. Aldiz, bere ondoan gazteleraz hitz egiten ere ez dakien petsona batek karpeta bat eman leihatilakoari eta laguntza ematen dio, eta sarri bizi osorako gainera".
Marotoren arabera "abusuen" erantzukizuna egungo legedian dago, eta ez DSBEaren onuradunengan. "Gaur egun berdin da hemen berrogei urtez bizi izana edo Melillan Gasteizen laguntza erraz lortzen dela eta hara joateko esaten diotena izatea". Legedia bere proposamenen arabera aldatuz gero "mundu bidezkoagoa eta solidarioagoa" lortuko dela uste du Gasteizko alkateak. Eta ukatu du bere jarrera "populista" dela. Gaineratu du PPren propoposamenek ez liekeela eragingo erretiro pentsioa DSBEarekin osatzen duten herritarrei.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den barikuan esan zion PPri Eusko Legebiltzarrean ez dagoela onura berezirik etorkin talde batzuentzat. Lehendakariak gogor erantzun zien popularrei: «Etorkin gehiagok jasotzen dituzte, bazterketa eta pobrezia gehiago sufritzen dutelako. Pertsona horiek herrialde honetako biztanleak dira; hemen bizi dira, eta gu dira, ez eurak».
PSEren eta PPren lege aldaketa 2011n
Duela bi urte arte nahikoa zen Araba, Bizkai edo Gipuzkoan urtebetez erroldatuta egotea gainontzeko baldintzak betez gero gutxieneko errenta kobratu ahal izateko. Baina 2011. urte amaieran PSEk eta PPk gogortu egin zituzten DSBEa eskuratzeko baldintzak: erroldatze baldintza urtebetetik hiru urtera igo zuten. Joan den martxoan berriro bueltatu zen eztabaida Gasteizko ganberara, EH Bilduren proposamenez. Koalizio abertzaleak PSEren eta PPren 2011ko aldaketa ezabatzeko lege proposamena eraman zuen, baina legebiltzarrak baztertu egin zuen gutxieneko errenta eskuratzeko baldintzak leuntzeko proposamena.
Gutxieneko errenta jasotzen dutenen kopuruak nabarmen egin du gora krisia hasi zenetik. 2009. urtean, 35.000 pertsona inguruk jasotzen zuten laguntza hori, eta, gaur egun, 65.000 dira. Ia bikoiztu egin da bost urtean. BERRIAk laguntza hori jasotzen duen Jose Manuel Gato Romero barakaldarraren testigantza jaso zuen joan den irailean.