Bestelako sarrerarik ez duten langabeentzako diru laguntzak indarrean jarraituko du, baina Espainiako Gobernuak ezarri dituen baldintza berriek onuradunen kopurua mugatuko du. Aurrerantzean, langabearekin bizi diren familiako kide guztien diru sarrerak aintzat hartuko dira, eta laguntza jasotzen duen pertsonak gutxienez urtebete igaro beharko du beharrik gabe ordaina eskuratzeko eskubidea izan arte.
Ikusmin handia zegoen Prepara programaren etorkizunari buruz. PSOEk ordain guztiak galtzen zituzten langabeentzako egitasmoaren jarraipena da, eta laguntzaren kopuruarekin identifikatu izan da: 400 euro hilean —benetan, 399 euro—, asko jota sei hilabetez. Indarrean zegoen diru laguntza joan den abuztuaren 15ean amaitu behar zen, eta bezperan jarraituko zuela iragarri zuen Mariano Raxoi Espainiako presidenteak. Hori bai, ezaugarriak eta baldintzak aldatuko direla aurreratu zuen.
Aste barruan, onerako aldaketak iragartzen saiatu da PP. Soraya Saez de Santamaria presidenteorde eta bozeramaileak jakinarazi du bi haur eta bikotekidea duten pertsonei laguntza 450 eurora igoko zaiela. Haatik, gobernuak ez duela diru gehiago gastatuko zehaztu du. Alegia, beste batzuklaguntzarik kobratu gabe geratuko direla.
Atzo, Prepara programaren oinordekoa onartu zuen Ministro Kontseiluak. Ondoren, ezaugarri nagusiak jakinarazi zituen Fatima Bañez Lan Ministroak. Xehetasun guztiak eta ustekabe posibleak irakurtzeko, ohi bezala, dekretua Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte itxaron beharko da.
Gurasoen errenta, gakoa
Langabeak dirua jasotzeko eskubidea duen edo ez erabakitzeko gakoa elkarbizitza unitatearen errenta izango da. Zer esan nahi du horrek? Etxe berean bizi diren kide guztien diru sarrerak aintzat hartuko dira norbaiti 400 euroko laguntza emateko edo ukatzeko. Raxoiren gobernuak ezarri duen muga gutxieneko soldataren %75 da: 481 euro lagun bakoitzeko.
Kalkulu hori egiterakoan langabearen gurasoek, aitona-amonek edo seme-alabek dituzten errentak aintzat hartuko dira. Orain arte soilik seme-alabena hartzen zen kontuan. Alegia, bi kideko familia batean muga 962 euro dira, eta hiru laguneko familia batean, 1.443 euro. Aldaketa justifikatu zuen Bañezek, laguntza «gaizkien» daudenei eman behar zaiela esan zuen, eta ez «senideen babesa» dutenei. Hasiera batean, baldintza berriek lana galdu eta gurasoen etxera bueltatu diren langabeei batez ere egingo diete kalte.
Adibide xelebre samarra erabili zuen ministroak esandakoa azpimarratzeko. Hilean 8.000 euroko errenta kobratzen duten eta bi seme-alaba langabezian duten gurasoen kasua aipatu zuen. Orain arte horiek laguntzarako eskubidea zutela azaldu zuen Bañezek, baina ez zuen esan kasu hori gertatu den edo ez. Aipatutako beste kasu bat, betiere aldaketaren alde, aitona-amonak eta semea dituen amarena izan zen. Aitona-amonen artean 900 euroko pentsioa eta semeak 1.000 euroko ordaina izanik, amak 400 euroak kobratu ahalko ditu. Ozta-ozta izango litzateke, edonola ere. Familia horrek 1.900 euro jaso beharrean 25 euro gehiago eskuratuz gero, ordainik gabe geratuko litzateke.
Bestalde, dirua jasotzeko eskubidea izan baino lehen, langabeak urtebete igaro beharko du beharrik gabe. Horrek esan nahi du urte gutxi kotizatu eta urtebete baino gutxiago langabezia saria kobratzeko aukera duten langabeek hainbat hilabetez galduko dutela ordaina izateko aukera.
Hirugarren kolektibo bati ere kendu nahi dio ordaina gobernuak. Izan ere, erkidegoen edo udalen gizarte laguntza jasotzen dituztenak dira. Laguntza horiek eta Prepara planarenak aldi berean ez kobratzeko neurriak izango dira dekretuan, baina Lan ministroak hori nola egingo den ez zuen zehaztu atzoko agerraldian. Edonola ere, argi utzi zuen sei hilabeteko laguntza «bizitzan behin» jaso ahalko dela.
Harrituta emaitzekin
Orain arte 400 euroko laguntzak izan dituen emaitzekin harrituta agertu zen Bañez, oso «eraginkortasun eskasa» izan duelako. Prestakuntza gutxi egin dela azaldu zuen. «Kasu gehienetan orientazioa izan da, hiru orduko hitzaldi bat laneratzeari buruz», ministroaren hitzetan. Laneratzeari dagokionez, onuradunen hamarretik zazpik ez dute lanik lortu, eta beste %18 soilik bi hilabetez aritu dira lanean. Azkenik, onuradunen %1ek baino gutxiagok sinatu du kontratu mugagabe bat.
PPren baldintza berriek langabeen 400 euroko ordaina mugatuko dute
Langabearekin bizi diren senide guztien diru sarrerak hartuko dira kontuan, eta urtebete egon beharko du beharrik gabeSei hilabeteko laguntza «bizitzan behin» kobratuko dela gogoratu du Lan ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu