Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradunak zuzentzen duen Iseak fundazioak proposatu du praktiketako kontratua kentzea, ez direlako bete sortu zeneko helburuak: lan merkatuan sartzeko palanka gisa jardutea eta gazteen kontratazio egonkorra bultzatzea.
«Praktikaldiko kontratuak ez du enpresaren egonkortasuna sustatzen; kontratu modalitate hori sinatzen duten gazteek aukera gutxiago dituzte enpresan geratzeko hiru hilabete baino gehiagoko aldi baterako kontratuak sinatzen dituztenek baino», dio fundazioak komunikabideetara bidalitako oharra.
Ikerketaren egileek proposatu dute kontratu mota hori ezabatzea eta sei hilabeteko probaldia duen kontratu mugagabe batekin ordezkatzea.
Azterketaren arabera, praktiketako kontratu bat sinatzen duten gazteen %73k lan egin izan dute aurretik, eta, batez beste, urte eta erdiko lan esperientzia dute. Gainera, % 10ek praktikak egin zituzten enpresa berean lan egin zuten aurretik. Azterlanean nabarmentzen denez, praktiketan zeuden bi langiletik batek ez du kontratua amaitzen.
Iseaken arabera, ondorioa da praktiketako gazte batek probabilitate txikiagoa duela enpresan jarraitzeko hiru hilabete baino gehiagoko aldi baterako kontratu estandar bat duenak baino, eta kontratu mugagabe bat sinatzeko duen probabilitatea «nabarmen» txikiagoa da. Kasu horretan, salbuespena dira beste enpresa batetik datozenak: kontratu mugagabea lortzeko probabilitatea handiagoa dute praktikaldiko kontratu batetik datozenak aldi baterako kontratu batetik datozenak baino.