Sindikalismoa

Prekaritate berriei aurre egiteko prestatzea, LABen xedeetako bat urte berrian

Euskal Herrian planto egiteko garaia iritsi dela uste du LABek, “prekaritatearen kontra, bizitzaren eta pentsio duinen alde”.

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo, gaurko aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
2019ko irailaren 17a
07:44
Entzun

Asmoz beteta abiatu dute lan urte berria LABen. Beharko, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo buruzagiek gaur plazaratutako lan guztiei jarri behar badiete arreta. Sindikalismo klasikoak berekin dakartzan jarduerekin batera, LABek harago joateko ariketarekin jarraituko du, adibidez, prekaritate berriei —uberizazioa eta antzeko fenomenoei— erantzun nahian; edota “inoiz baino mobilizazio sozial handiagoa eragin duten borrokak artikulatzeko".

LABeko idazkari nagusiak gogoratu du iaz hainbatetan aipatu zela pentsiodunen, feministen, gazteen, migratzaileen eta langileen borrokak uztartzeko aukera. LABek, alde horretatik, mugarri bat jarri nahi du aurten, “planto egiteko, Euskal Herria gelditzeko unea” iritsi dela uste duelako.

Hori bai, sindikalismoaren betiko helburuekin, “lantokietako borroka sindikala hauspotzen” ere jarraituko du LABek. “Negoziazio kolektiboaren suspertzea borroka horren emaitza delako, eta ez beste ezerena”. Bestalde, sindikalismo feministan sakondu eta lan arloko “diskriminazio sistemikoari aurre egiten” ere segituko du sindikatuak, bere lana areagotuz sektore feminizatuetan.

Era berean, “lanetik osasuntsu eta bizirik itzultzeko eskubidea” xede garrantzitsua da LABentzat. “Eskandalu bat da diruzalekeriak langileon bizitza arriskuan jartzea”. Laneko istripuak eta heriotzak ekidin daitezkeela sinistuta, prebentzioan ariko da, orain arte legez. Hala ere, Aranburuk helburu zehatzago bat aipatu du, joan den urtean ere landu zutena: laneko gaixotasunek eragindako heriotzen erregistro bat eskatzen segituko du sindikatuak, “datu horiek ezkutatzen ari direlako”. Xede horrek garrantzi berezia du orain; iritsi da goraldia, lanean ari zirela urte batzuk lehenago amiantoa arnastu zuten langile haien gaitz eta heriotza kasuetan".

Uberizazioari aurre egiten

Lan harreman berriek dakartzaten prekaritate berriei erantzuteko bere burua prestatzen ere jarraituko du LABek datozen hilabeteetan. “Sindikalismo etengabe birpentsatu behar dugu”, azaldu du Aranburuk uberizazioaren fenomenoa gogora ekarrita. Haren ustez, eredu berri horien helburua ez delako soilik kostuak langileen kontura murriztea, baizik eta borroka sindikala bera ere murriztea. Horregatik “langile horiei egin beharreko eskaintza prestatzeko” lana jarri dio sindikatuak bere buruari. Nafarroan, dagoeneko, Glovo auzibidera eramanda dauka LABek.

Sindikalismoa birpentsatzeari buruzko gogoeta berbera baliagarria da, Aranbururen aburuz, sindikalismo tradizionaletik urrun gelditu diren sektoreetara hurbiltzen segitzeko ere. Arlo horretan, iaz hasitako lanari eutsi, eta etxeko langileek negoziazio kolektiboa izan dezaten borrokatuko da aurten LAB.

Lan harreman berri horiek eta babes sozialeko sistema berriak euskal esparrutik begiratzeko ariketa ere iragarri du LABek, eta, horretarako, sindikatuak bere programa soziopolitikoa berritzeko asmoa du urte honetan. Eta datozen hilabeteetarako lanak ezartzeko orduan, bai Garbiñe Aranburuk bai Igor Arroyok, egoeraren analisi bat ere aurkeztu dute. Arroyok Miarritze eta Hendaia jarri ditu irudi, munduan daude bi eredu kontrajarrien adibide: batetik, G7ak sinbolizatzen duen eredu kapitalista, militarismoan, elitismoan eta sekretismoan oinarritutakoa. Eta, bestetik, Hendaian eta Irunen agertutakoa, bizitza erdigunean jartzen duen eredua, ekosozialismoan eta feminismoan oinarritutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.