LABek datozen hilabeteetan prekaritateari aurre egiteko lantokietan aurrera eramango dituen ekimenen berri eman du Bilbon egindako prentsaurrekoan. Lantokietan ekintza sindikala “indartzea eta berritzea” erabaki dutela azaldu du Garbiñe Aranburu LABeko ekintza sindikaleko arduradunak. “Horrek aldaketa handiak ekarriko ditu orain arteko lan moldeetan. Langileei antolatzeko eta borrokatzeko beste bitarteko batzuk eskainiko dizkiegu".
Horretarako, bide orri bat diseinatu du LAB sindikatuak. Bertan bost egitasmo nagusi abiaraziko dituztela esan du Ainhoa Etxaide LABeko ordezkari nagusiak. “Prekaritateak larriki jipoitzen dituen bost sektoretan prekaritatearen kontrako borroka lerro berriak ireki ditugu”, azaldu du. Ondorengoak dira sektore horiek: sektore feminizatuak, azpikontratak, enpresa handiak, enpresa txikiak eta sektore publikoa.
Egungo egoera ekonomikoa aztertu du Aranburuk: “Prekarietate garaian gaude. Egoera oso larria da. Miseriazko soldatak hedatzen ari dira, eta soldaten arteko desberdintasuna haziz doa, baita gizon eta emakumeen artean ere”. Sortzen den enplegu “apurra” prekarioa dela salatu du, eta ohartarazi du gero eta langile gehiago direla negoziazio kolektiboaren babesik ez dutenak. “Prekarietatea geratzeko etorri da”, esan du.
Etxaidek ere larritzat jo du gaur egungo egoera ekonomikoa. “Ikusten ari gara zenbatekoak diren lan erreformaren ondorioak. Zenbat diren pentsioen erreformaren ondorioak. Zenbat galdu dugun zerbitzu publikoen kalitatetan. Ikusten ari gara zer dakarren konstituzioan kapitala eskubide sozialen gainetik jartzeak”. Enplegua suntsitzen ari direla salatu du, “ez galerak dituzten enpresak”, eta Kutxabank eta Petronor jarri ditu jomugan. EAJren jarrera kritikatu du, prest azaldu delako PPren gobernuari babesa emateko. “Argazkirik leialena da hau. EAJk bat egiten du lan erreforma hauekin”.
Egoerari buelta emateko hiru irtenbide aurkeztu ditu Etxaidek. Aurrena, lana eta langileak irabazien eta espekulatzaileen gainetik jartzea. Bigarrena, bitartekoak eta ahalmena eskuratzea, lan mundua aldatzeko, krisi sozialari aurre egiteko eta politika sozial eta ekonomikoak “hemen erabakiz gure parte hartzearekin politikak aldatzeko”. Eta hirugarrena, patronala geldiaraztea. “Guk ez dugu negoziazio mahaietatik altxatu eta alde egingo, baina momentu honetan ez dago prekaritateari aurre egiterik mahai baten bueltan. Momentu honetan prekaritateak daukan muga bakarra langileak antolatzea da”.