Sindikatuak

Prekaritateari aurre egiteko dinamika jarri du abian LABek herriz herri

‘Lan duina, bizi duina’ lelopena, langileriaren kontzientzia piztea eta mobilizatzea da helburua. Iruñeatik Durangora, 46 herritan izango da

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, gaur goizean, Iruñean. LAB
Jon Fernandez.
2017ko urriaren 16a
08:13
Entzun

Osagarri asko daude langileria aktibatzea zailtzen dutenak: besteak beste, enplegua galtzeko beldurra, langile klasearen zatiketa eta lan baldintza gero eta prekarioagoak. Faktore horiek, hain zuzen, «deskatibatuta eta meneko» mantentzen dute langile klasea, LAB sindikatuaren arabera; eta horregatik, hain justu, Ekimen Ibiltaria jarri du martxan, Euskal Herrian herriz herri aurkezteko «lanaren eta bizitzaren prekarizazioari» aurre egiteko proposamenak. Funtsean, sindikatuaren asmoa da herritarren eta beharginen begiak irekitzea eta egoera aldatzeko ekitera animatzea.

Gaur goizean Iruñean abian jarritako ekimena abenduaren 6an amaituko da Durangon (Bizkaia) eta, bitartean, Euskal Herriko 46 herritatik pasatuko da, Lan duina, bizi duina lelopean. Bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraiki nahi du LABek. Langile klasea osatzen duten kolektiboei eskaini nahi dizkie irtenbideak, eta horregatik, proposamen zehatzak aurkeztuko dituzte herriz herri kolektibo bakoitzarentzat.

Bi helburu jarri ditu sindikatuak. Lehena, egoeraren kontzientzia hartzea: «Prekaritatean bizitzera kondenatu nahi gaituzte, baina hori ez da normala, badago nahikoa diru guztioi bizitza duina bermatzeko», azaldu du Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak. Bigarren helburua, «borrokara batzeko» eskaintza egitea da, aktibatzeko eta mobilizatzeko: «Kolektibo bakoitzari borroka eskaintza espezifiko bat egingo diogu, bere erralitatek abiatuta, eta bere errealitatea iraultzeko».

Ekimen Ibiltariarekin, LABek karpak jarriko ditu herrietan, jendea gerturatu dadin, eta sindikatuaren eskaintzak ezagutu ditzan. Enpresak ere bisitatuko dituzte, eta ekintza sindikaleko tailerrak ere emango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.