Gobernuak onartu egin behar al du erreskatatutako finantza erakunde bateko agintariek milioi bat eurotik gorako gainsariak kobratzea? Kontuak eztabaida handia eragin du Erresuma Batuan, hainbat goi kargudunek jaso beharreko dirutzei buruzko albisteak atera direnean.
Stephen Hester Royal Bank of Scotlandeko kontseilari delegatuarena da azken kasua. Galera handiak direla medio, gobernuak erreskatatu egin behar izan zuen erakundea 2008an, eta Hester 2009tik dago gaur egungo postuan. Urtean 1,4 milioi euroko soldata du, eta orain akziotan 963.000 libera esterlina jaso behar zituen —1,2 milioi euro—. Kopurua handia izanda ere, hasieran aurreikusi baino %60 txikiagoa zen.
Akziodun nagusia izanda —%82ko jabetza du—, gobernuak bazuen aukera debekatzeko, baina ez zuen halakorik egin. David Cameron lehen ministroa gainsari handien aurka esku hartzeko prest agertu zen orain aste batzuk. «Kapitalismo moralak» bultzatuko zuela horretara zioen, baina Hesterren kasuan atzera egin du, bankuko zuzendaritzak dimisioa emango ote zuen beldur.
Oposizioko alderdiek nahiz sindikatuek gogor kritikatu dute Cameronen jarrera. Alderdi Laboristak esan ere egin zuen Komunen Ganberan bozkatu behar zela Hesterren gainsaria. Testuinguru ekonomikoa ere kontuan hartu behar da. Erresuma Batuan gora ari da egiten langabezia, eta gastu publikoak azken hamarkadetako murrizketa handienak izan ditu. RBSk berak ere 21.000 langile kaleratu ditu.
Hesterrek gainsaria kobratzearen aldekoak ere badira. 2011ko lehen bederatzi hilabeteetan finantza erakundeak 1.800 milioi euro ingururen irabaziak izan dituela nabarmendu dute, eta, diotenez, kontseilari delegatuaren lanak ere izan du eraginik horretan.
Zer gertatu den, azkenean? Presio politiko eta mediatikoak eraginda, Hesterrek gainsariari uko egitea erabaki du. 1,2 milioi euro horiek ez dituela kobratuko jakinarazi zion atzo administrazio kontseiluari. Finantza erakundea martxa onean badoa, beste 9,5 milioi euro kobratzeko aukera izango du RBSko kudeatzaileak.
Asteburuan, Philip Hampton RBSko presidenteak iragarri zuen uko egin ziela 1,6 milioi euroko balioa zuten akzioei. pMIREN Garate
Pertsonaia. Stephen Hester
Presioak 1,2 milioi kendu dizkio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu