EUROGUNEKO DIRU POLITIKA

Presioei jaramonik egin ez eta EBZk interes tasei eutsi egin die

Alemaniak eta Frantziak soka tenkatu arren, Trichetek interes tasak «maila egokian» daudela iritzi dio

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Euroaren azkenaldiko sendotasunak esportazioetan izan ditzakeen eraginez kezkatuta, Alemaniak eta Frantziak soka tenkatu dute: interes tasak jaisteko presioa handitu diote Europako Banku Zentralari. Haatik, EBZren kontseiluak erronkari eutsi zion eta atzo interes tasak lehen bezala utzi zituen, %2an alegia.

Kontuan hartu behar da Europako bi ekonomia indartsuenekmotelaldia nabaritu dutela, eta orain kezkati daude euroaren sendotasunak antzematen hasia den susperraldi hori mehatxatu, edo behinik behin galgatu, dezakeelako. Noizean behin azaltzen dira agintari politikoen eta diru politikako arduradunen arteko ika-mikak nahiz batak bestearengan eragiteko saioak. Hala bada, iragan astekoa nabaria izan zen. Bai Gerhard Schroeder Alemaniako kantzilerrak bai Jean Pierre Raffarin Frantziako gobernuburuak gomendatu zioten EBZri diruaren prezioa merkatzeko. Presio horren ondorioz, astebete gero %6 merkeago dago euroaren trukea diru merkatuetan. Atzokoan Jean Claude Trichet EBZko presidenteak bankuaren burujabetza irmo defendatu zuen: «Gure erabakiak aske hartu behar ditugu». Jarraian gaineratu zuen EBZk ez duela«inolaz ere» utziko inongo gobernuk bankuaren jardueran eragitea. Tricheten arabera, egungo interes tasak «maila egokian» daude eta «euroguneko susperraldiari laguntzen diote». Ez da iritzi berekoa Schroeder eta berehala erantzun zion Tricheti: «Errespetatzen dut EBZren erabakia, baina nire iritziari eusten diot», adierazi zuen Alemaniako kantzilerrak. Trichet pozik agertuzen euroaren balioa abenduko mailara itzuli delako, nahiz eta kezkatuta agertu zen dibisak merkatuetan dituen «gehiegizko mugimenduengatik». Hala ere, ez da oztopo izango, eta aurreikusi zuen esportazioak «nabarmen» hobetuko direla.EBZko buruaren arabera, 2004ko urtea susperraldiaren urtea izango da eta onurak bata bestearen atzetik etorriko dira: «Hala kanpoko nola barneko faktoreei esker aurreratu ahal daiteke hazkunde ekonomikoa sendotu egingo dela 2004. urtean zehar eta haratago ere». Ondorioz, hiritarrek eskura duten errenta igo egingo da eta agintari frantziarrak aurreratu zuen, pixkanaka bada ere, kontsumo pribatuak ere hobera egingo duela. «Orain inbertitzeko, kontsumitzeko eta konfiantza izateko garaia da», izan zen Tricheten mezua.Ezaguna da, bestetik, banku zentralaren lehen helburuetariko bat inflazio-tasa kontrolatzea dela. Bi arrisku nagusi ikusten ditu: batetik, energia produktuen salneurriagatik, Brent petrolio upela aste honetan 32 dolarrera iritsi da Londresko merkatuan, eta bestetik, gobernuek zeharkako zergak igo dituztelako. EBZk «oso gertutik zainduko ditu» prezioen bilakaera baldintza dezaketenak.Azkenik, bezperan Alan Greenspan AEBetako Erreserba Federaleko presidenteak Asiako banku zentralak kritikatu zituen merkatuetan euren diruaren alde esku hartzeagatik. Tricheten arabera, Greenspanen hitzaldia «oso oso interesgarria» izan da.

EBZk adituen aurreikuspen guztiak bete zituen. Albistea jakin ostean euroa ia 1,22 dolarrean salerosi zen merkatuetan, apur bat igo eta gero. Truke ofiziala 1,214 dolarrean ezarri zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.