Enplegurako formakuntzaren egungo eredua "porrot galanta” dela adierazi du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Sindikatuaren ustez, “urgentea” da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enplegurako prestakuntzaren politikak eta funtzionamendua goitik behera aldatzea. Halaxe adierazi dute gaur Bilboko egoitzan aurkeztutako kalitatezko enplegurako prestakuntza sistema baten aldeko eta prestakuntza funtsen erabilerari buruzko txostenean.
2013. urtean, langileen prestakuntzarako kopurua 16.900.000 eurokoa izan zen, aurreko urtekoa baino %17 baxuagoa. Murrizketa gehienak ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan egin ziren. ELAren arabera, prestakuntza “negozio” iturri bat bilakatu da diru publikoz finantzatzen diren antolakundeentzat. Mikel Noval Azterketa bulegoko arduradunak azaldu duenez, “enplegurako formakuntzaren eredua ekonomia produktiboaren eta langileen beharren zerbitzura jarri behar da, eskualdeko langileen beharrizanak aztertuz eta horien araberako prestakuntza eskainiz”. Horrek tokiko errealitatera egokitzeko gaitasuna ekarriko lukeela azpimarratu du.
Sindikatuak zenbait proposamen plazaratu ditu egoera iraultzeko. Esaterako, enplegu politikak berton erabakitzeko ahalmena izatea; ekonomia ituneko irizpideak aintzat hartzea; Lanbide Heziketako zentroen eginkizuna lehenetsi eta prestakuntza planeko dirua sindikatuei eta patronalari ematea galaraztea eta hiru parteko kudeaketa eredua ezartzea.