HOBETUZ

Prestakuntza planak bete daitezela nahi du Hobetuz-ek

Onintza Enbeita
BILBO
2003ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hobetuz-ek, prestakuntza etengabearen erakundeak, azaroaren 7ra arte jasoko ditu trebakuntzarako diru laguntzen eskaerak. Ordurako, langileen prestakuntzarako planen nondik norakoak zehaztu beharko dizkiote enpresek erakundeari. Luis Mari Ulibarri Hobetuz-eko zuzendari kudeatzailearen arabera, «laguntzak ematerakoan, garrantzitsua da planaren kate begi guztiak ondo lotuta daudela jakitea».

Berez, iazko diru laguntzen deialdia luzatu egin dute aurten. Deialdira aurkezten dituzten planek aurten hasita edo hasteko egon behar dute, eta datorren urteko ekainaren 30erako amaituta, diru laguntza jasotzekotan.

Bide batez Europako Gizarte Foroak (EGF) aldakuntza txiki bat egin duela azaldu zuen Ulibarrik. Ondorioz, Hobetuz-ek eta EGFk elkarrekin emandako diru laguntzetan beranduago kobratuko da EGFri dagokion zatia. «Lekuan lekuko diru laguntza guztiak jasota daudela ziurtatu arte, EGFk ez du emango bere zatia», azaldu du Ulibarrik. Hori dela eta, diru iturri berriak lortzeko aukera aztertzen dihardu Hobetuz-ek.

Iazko planak amaitu barik

Ulibarrik «koherentzia» eskatu die diru laguntzak eskatzeko asmoa daukaten enpresei: «Iazko deialdiaren %75aren errepasoa eginda daukagu, eta diruz lagundu ditugun planen %16 garatu gabe daude». Hobetuz-ek emandako 3,9 milioi euro jarri dituzte, beraz, oraindik garatu gabeko planetan.

«Gero esaten dugu prestakuntza derrigorrezkoa dela eta ez dagoela aukera handirik. Izan gaitezen geure buruarekin kontsekuenteak», esan zuen. «Hobetuz-i egindako eskaera ez da Errege Magoentzako gutuna», gaineratu du Ulibarrik.

Planak garatzen diren edo ez ziurtatzeko, ikuskaritza plana dauka Hobetuz-ek iaztik. Plan horren barruan, bisitak egingo dizkie ikastaroetan parte hartzen duten langileei eta enpresei plana ondo doala ziurtatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.