«Ez da izango zabor kontratua». Esaldi horrekin defendatu zuen Valeriano Gomez Espainiako Lan ministroak 30 urte arteko gazteei prestakuntza eta ikasketa kontratua egin ahal izatea ahalbidetuko duen lan erreforma. Zapateroren gobernuak enplegu alorrean onartutako azken dekretuak aurrera egin zuen atzo Kongresuan, PP, CiU eta CC alderdien abstentzioei esker eta PSOEko diputatuen baiezkoarekin bakarrik.
Gazteentzako kontratu berria erabiltzeko eskatu zien Gomezek enpresaburuei. Helburu hori lortzeko emango dituzten laguntzak «lan legediako garrantzitsuenak» direla onartu zuen. Enpresei ia doan aterako zaie: 250 urte baino gutxiago duten enpresek ez diote Gizarte Segurantzari kotizaziorik ordaindu behar izango, eta enpresa handiek soilik konpainiari dagokion partetik %25 ordaindu beharko dute.
Kontratuak prekarietatea ez duela areagotuko defendatu zuen Lan ministroak, eskubide sozial guztiei eutsiko dizkiolako, langabeziarena eta pentsioarena barne. 2013 urtea amaitu arte kontratua 25 eta 30 urte bitarteko gazteei irekitzeaz gain, baldintza batzuk aldatu ditu. Asko jota lanaldiaren %75 egin beharko dute enpresan, eta bestea prestakuntza teorikoari eskaini beharko diote. Gutxienez, kontratuak urtebeteko iraupena izango du, eta, asko jota, bi urtez luzatuko da.
PP, abertzaleei lekua ixteko
PPren babesa izan zuen atzo Zapaterok. Ez hainbeste edukia ontzat jo zuelako, baizik eta alderdi abertzaleen asmoak zapuzteko negoziazio kolektiboaren erreforman. Ekainean hitzarmenen izaerari buruzko akordioa itxi zuen PSOEk EAJ eta CiUrekin, erreforma aurrera atera ahal izateko. Haatik, zuzenketa horiek indarrean jartzeko astirik ez da izango, bozak azaroaren 20rako deitu direlako. Negoziazio kolektiboa gobernuak onartu zuen modura geratuko da, EAJren eta CiUren ekarpenik gabe.
Alderdi abertzaleak azken lan neurriekin batera berriro zuzenketak sartzen saiatu dira, baina, popularren abstentzioari esker, ezentzunarena egin du gobernuak. Gomez ministroak berak estatuko ituna aldarrikatu zuen atzo, «lan harremanen muinari eragiten dioten kontuetan».
Hauteskundeak irabaziz gero, atzo bozkatutako dekretuaren beste parte bat baliogabetuko duela iragarri zuen PPk, ordea. Aldi baterako kontratuak mugarik gabe kateatzeko aukera dute orain enpresek, eta popularrek agindu dute ezabatu egingo dutela. Onartutako azken neurria langabeei 400 euroko laguntza beste sei hilabetez luzatzea izan zen.
Prestakuntzakoa ez dela «zabor kontratua» izango ziurtatu du Lan ministroak
Espainiako Gobernuak aurrera atera du azken lan erreforma, PP, CiU eta CC alderdien abstentzioari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu