Martxoaren 14tik irailaren 30era bitartean langabezia saria amaitu zaien langabeentzat diru laguntza bat sortzea aztertzen ari da Espainiako Lan Ministerioa. Haiez gain, denbora horretan langabezian geratu baina prestazio horretarako eskubiderik ez dutenek ere izango lukete horretarako eskubidea.
Gobernuak adierazi duenez, 430,27 eurokoa izango da laguntza, hori baita langabezia sarien ohiko zenbatekoa, IPREM errenta adierazle publikoaren %80. Gehienez, hiru hilabetez jasoko lukete. Diru hori kobratzeko, eskatzaileak ez luke egiaztatu beharko gutxieneko errenta jasotzen ez duenik, mota horretako beste laguntza batzuekin gertatzen den bezala.
Laguntza berri horren arrazoia izango litzateke pandemiaren garaian beren prestazioak agortzen dituzten langabeek ezin izan dutela «baldintza normaletan» lana bilatu. Horrekin batera, neurriaren bultzatzaileek uste dute pertsona horiek «egoera okerragoan» daudela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan daudenenekin konparatuta, bigarren horiek ez baitute langabezia babesa agortzen, nahiz eta enplegua etenda duten bitartean kobratzen ari diren.
Neurri horrez gain, erregulazioan dauden lanaldi partzialeko langileen langabezia saria ere berrikusiko du. Madrilen asmoa da prestazio hori kalkulatzeko metodologia aldatzea, orain arte lanaldi osoko langileek baino gutxiago jasotzen egon direlako. Gobernuak ordainsari bakar batekin konpentsatuko luke aldea.
Neurri horiek CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEOE eta Cepyme patronalekin aztertzen ari da, elkarrizketa sozialeko mahai espezifiko batean, eta lanak «oso aurreratuta» daude, gobernuaren iturriek berri agentziei azaldu dietenez. Sindikatuek ez zuten onartu hasieran aurkeztutako proposamena, baina orain ezagutarazitakoa begi onez jaso dute. Dena den, azaldu dute ezer ez dagoela itxita, eta neurria ahalik eta azkarren onartzeko deia egin dute. Patronalek, berriz, azaldu dute ez dutela eragozpenik jarriko, neurria beti ere ezohikoa bada eta ez bada egiturazkoa bihurtzen.
Neurria indarrean sartuko litzateke akordioa sinatu bezain laster. Gobernuaren asmoa zen oporren aurreko azken ministroen kontseiluan onartzea; orain, uda ondorengo lehen kontseilurako prest eduki nahi du.