Ipar Euskal Herriko tabako saltzaileek protestatu zuten, duela bi hilabete, tabakoaren prezioa nabarmen igo zutenean. Gaur egun, haien kexua ez da eztitu eta gai horretaz galdetuz gero, bizi-bizi erantzuten dute, haserrea golkoan daukatela erakutsiz, Baionako tabako denda bateko saltzaile honek bezala.
Zer aldatu du zuentzat tabakoaren prezioaren igoerak?
Gure irabazien %40 galdu dugu. Badu bi hilabete eta erdi galtze hori daukagula. Eta oraingo prezio igoerarekin, pentsatzen dut egoera hori larriagotu baizik ez dela eginen, guretzat.
Zuen irabazi guztien %40 galdu duzue?
Ez, tabakoaren gaineko %40. Hots, lehen baino %40 tabako gutxiago saltzen dugu. Gainera, gure kasuan, oraino zailagoa da, jendea Hego Euskal Herrira doalako tabako erostera.
Zuen salmentatik zenbat hartzen du tabako salmentak.
%40.
Beraz, %40 horren %40 da azken hilabeteetan galdu duzuena?
Bai, baina kasu. Kontuan hartu behar da tabakoaren erostera etortzen direnek, askotan beste produkturen bat ere erosten dutela, prentsa, gozokiak, loteriako txartelak eta abarÉ Eta tabako erosleak ez badira gehiago guregana etortzen tabako erostera, egunkarietan ere senditzen dugu salmenta apaltzea.
Tabakoaren prezioaren igoerak beste sektoreetan ere ondorioak dituela diozu?
Hori bera. Denentzat galtze bat da, prentsarentzat ere.
Kalteordainak eskuratuko dituzue irabazi gutxitze hori estaltzeko?
Ontsalaz bai, otsailean eskuratu behar genituzke. Sindikatuen eta Frantziako Gobernuaren artean lortu akordio baten ondorioz, tabako salmentetan galtzendugun diruaren araberako kalte ordainak eskuratuko genituzke. Baina, lehen erran bezala, ez dugu galtze guztia berreskuratuko, soilik tabakoan galtzen duguna. Beste produktuetan gertatzen den salmenta murriztearen ondorioz jasaten ditugun galtzeak ez ditugu berreskuratuko.
Zer ondorio du zuen ofizioarentzat? Lanpostu galtzeak gertatu dira?
Langileak dituzten tabako saltzaileetan lanpostuak desagertu direla pentsa daiteke. Eta beren kontura ari direnen egoera ere ez da biziki ona. Gaur egun tabako saltegi bat ezin da saldu. Inork ez du horrelako komertzio baten jabe izan nahi.
Alta, tabakoak osasunari eragiten dizkion kalteak ezagunak dira. Aterabideak aurkitu behar dira.
Segur da tabakoak osasuna kaltetzen duela. Baina ez gaitezen hipokritak izan! Zinez hori bada arazoa, tabakoa kendu eta kito. Badira beste gauza anitz, osasunarentzat kaltegarriak direnak eta ez zaigu ezer erraten.
Europa guztian prezio berak izan daitezen nahi zenukete?@:Dudarik gabe. Prezioak berak izan behar dira Europa osoan. Guri prezioak inposatzen dizkigute. Gauzak orokorki ikusi behar dira. Orain arte, ondorioei kasu eman gabe jokatzen dute.
TABAKOAREN PREZIOA. SERGE A. TABAKO SALTZAILEA
«Prezio berak ezarri behar dira Europa osoan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu