Prezioak %0,8 igo dira 2009an, inoiz baino gutxiago

Abenduan inflazioak %0,1 egin zuen atzera berriro Hego Euskal Herrian, urrian eta azaroan igoera esanguratsuak izan eta gero

Ivan Santamaria.
2010eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Salneurriak %0,8 baino ez ziren garestitu joan den urtean Hego Euskal Herrian. Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) erkidegoen datuak biltzen dituenetik - orain dela 30 urte - igoerarik txikiena da. Aparteko urtea izan zen ekonomian, eta krisiaren eragina islatu zen kontsumo prezioen indizean (KPI). Sei hilabetez hazkunde negatiboa izan zuten prezioek 2009an, baina positiboan bukatu dute urtea.

Gorabeherak ez direla amaitu erakusten du abenduko datuak, hala ere. Berriro ere KPIak atzera egin zuen (%0,1), urrian eta azaroan nabarmen igo ondoren. Aurreko hilabetearekin alderatuz gero, jaitsiera esanguratsuak gertatu ziren, besteak beste, jantzietan eta oinetakoetan, eta garraioetan. Gipuzkoan hazkunde negatiboa %0,2 izan zen, eta Araban, %0,1. Bizkaian KPIa ez zen aldatu. Nafarroan %0,1eko igoera txikia izan zuen.

Urteko azken txanpan deflazioaren arriskua desagertu da. Prezioen hazkunde negatibo jarraituari deitzen zaio deflazio. Saldu ezinik, ondasunen eta zerbitzuen prezioak etenik gabe merkatzen dira. Oro har, ekonomia egoera txarrean den seinale da, eta inflazioa borrokatzea baino zailagoa da. Azkenean, petrolioaren garestitzearen ondorioz, KPIak hazkunde apala izan du, Europako Banku Zentralak (EBZ) helburu duen %2aren azpitik.

Hazkunde hori, batik bat, hiru ataletan oinarritu da. Igoerarik handienak tabako eta edari alkoholdunenak izan dira, %10etik gora, herrialde guztietan. Garraiobideak ere %3 inguru garestitu dira. Azkenik, irakaskuntzan eta hotel, jatetxe eta kafetegietan igoerak izan dira, txikiagoak.

Aldiz, badira prezio murrizketak jasan dituzten ondasun eta zerbitzuak ere. Handienak jantzietan eta oinetakoetan, eta aisialdi eta kulturan gertatu dira. Botikak eta komunikazioak merkatu ziren, halaber.

Batez bestekoaren gainetik igo zen inflazioa Bizkaian (%1,2), Araban eta Gipuzkoan hazkundea %0,8 izan zen, eta inflazioa gutxien hazi zen herrialdea Nafarroa da (%0,5).

Erosahalmena igotzeko

Inflazioaren garapenak ondorio zuzenak ditu herritar askoren poltsikoetan. Hala, soldata asko gaurkotzeko erabili ohi da abenduko KPI. Halaber, urte berrirako alokairuak eta antzekoak finkatzeko erabili ohi den datua da.

Euskal Herrian ordezkaritza duten sindikatu gehienen ustez,ezinbesteko tresna izango da soldatak heldu den urtean%0,8 horren gainetik igotzea, langileek erosahalmena ez galtzeko. ELAren ustez, atzeraldiaren irteera «bidezkoa eta azkarragoa» izatea bermatuko du soldatak gehiago igotzeak.

Euskadiko CCOOk, berriz, langileen erosahalmena suspertzearen aldeko apustua egingo du, eta ontzat jo du soldatak EBZren inflazio helburuaren arabera (%2) igotzea, «familiek kontsumitzeko eta erosteko aukera izan dezaten». UGTren aburuz, soldatak igotzen ez badira, susperraldia moteltzeko arriskua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.