Herrialdeka, Nafarroan eta Araban handitu zen inflazioa gehien: %1,3. Hamarren bat gutxiago Gipuzkoan eta Bizkaian. Aldiz, herrialde bi horiek pairatu dute KPIren igoerarik nabarmenena urtarriletik hona (%1,5). Gutxiago igo da Araban (%1,1), eta %0,8 besterik ez Nafarroan. Oro har, prezioak %1,3 igo dira urtea hasi zenetik. %2,7 iazko apiriletik.Jantziek eta oinetakoek eragin dute inflazioaren gorakada hain handia. %7,1 garestitu ziren joan den hilean eta KPIren igoeraren %60 horiei dagokie. Aisialdia, kultura, garraioa, etxebizitza eta komunikazioak %1 inguru garestitu ziren. Merkatu egin ziren, aldiz, edari alkoholikoak, tabakoa eta elikagaiak. Gutxi, baina: %0,1 eta %0,6 bitartean, INEk jakinarazi duenez.
Sindikatuak kezkati, KPIren «laneko ondorioengatik»
KPIren datuen harira, arduratuta agertu dira oso ELA, LAB eta CCOO sindikatuak. Confebask ere bai, baina zio ezberdinengatik. Patronalak azaldu du merkealdien bukaerak eta petrolioaren garestitzeak «erabat» baldintzatzen ari direla «enpresaburuen jarduera». Confebasken hitzetan, «inflazioak are eragin handiagoa dauka ekonomiaren hazkundea txiki eta kostuak handi diren honetan».
ELAk, aitzitik, Espainiako Gobernuaren aurreikuspenak hartu ditu gogoetarako oinarri. Sindikatuak dioenez, «aurten ere %2tik gora joko du KPIk». Ordea, «Gobernuak %2ko iragarpena egin du soldaten igoera apaltzeko eta gizarte laguntzan diru gutxiago inbertitzeko». ELAk nahitaezkoa iritzi dio «oraingo KPI» aintzat hartzeari, langileek erosteko ahalmena galduko ez badute negoziazio kolektiboaren bidez. Izan ere, Espainiako Ekonomia idazkari David Vegarak onartu egin du %2tik gora haziko dela inflazioa aurten. Espainian KPI %1,4 igo zen apirilean. %2,7ra heldu da urtearteko inflazioa, baina Vegarak zehaztu du litekeena dela «behin-behineko» igoera izatea. Nolanahi ere, zuhur agertu da Ekonomia idazkaria: «Inflazioa %3ra iritsi daiteke erregaiaren salneurriak gora jarraitu eta jantziak merkatu ezean» .Ildo horretatik, LABek deitoratu du «petrolioaren etengabeko garestitzea» eragiten ari direla «Ameriketako Estatu Batuen eraso inperialistak». Erregaiaren prezioak «susperraldi ekonomikoa oztopatu» dezakeela ohartarazi du. LABek, gainera, «uda aurreko erosketak» hartu ditu hizpide. «Urtero legez, neurririk gabe garestitu» dira denboraldi berriko jantziak eta oinetakoak, eta horregatik hazi da KPI «horrenbeste».CCOO, azkenik, inflazioa kontrolatzeko «premia» azpimarratu du. «Oraingo eta lehenagoko Gobernuek ezer ez dute egin inflazioa gehien igoarazten duten sektoreak estu hartzeko». Sindikatuak dioenez, «errua ezin zaie nazioarteko gertakariei bota, etxe barruko desorekak konpondu behar dituzte agintariek».Langileek, langabeek eta erretirodunek pairatuko dituzte inflazioaren «ondorio latzenak», CCOOren ustez. Oroitarazi duenez, «enpresa batzuetako langileek ez daukate soldatak benetako KPIren arabera egokitzeko klausularik». Halaber, deitoratu du dirua galduko dutela langabezia, lanbide arteko gutxieneko diru laguntza edota pentsioa kobratzen ari diren hiritarrek. «Behartsuenek», azken buruan.
-
PETROLIOA
Goiari eutsi diote Brent eta Texas upelen prezioek
Petrolioaren prezioak marka guztiak hautsi ditu berriro: 41 dolarretara iritsi da Texas upela, eta ia 39 dolar balio ditu Brentak. New Yorkeko lehengaien merkatuan gertatu da igoera handiena: azken 21 urteetan baino garestiago saltzen ari ziren Texas petrolioa atzo. 41,45 dolarretan upel bakoitza, hain zuzen ere. Europan, berriz, motelago handitu da upelaren prezioa. 38,89 dolar balio zituen upel bakoitzak arratsalde hondarrean. Prezio altuena da Golkoko lehenengo gerraz geroztik, eta badirudi beheranzko joera oraindik handituko dela. Okerrago are: aurten %2,5 handituko da petrolio eskaria, Energiaren Nazioarteko Erakundeak jakinarazi berri duenez. 1988tik ez da horrelakorik gertatu. Agi danez, zenbait herrialderen hazkunde ekonomiko bizkorrak eragin du eskariaren gorakada. Txinaren hazkundeak, batik bat. Petrolio ekoizpena handitzeko eskatu die Saudi Arabiak munduko beste ekoizle handiei. Gutxienez 1,5 milioi upel gehiago merkaturatu beharko lituzkete, prezioak jaisteko.