Ohiko erosketa saskia betetzea %2,3 garestiagoa izan da ekain honetan Hego Euskal Herrian, iaz baino. Kontsumo prezioen Indizearen arabera, joan den urteko ekainean baino gehiago garestitu dira aurtengoan garraio gastuak, argindarraren eta berogailuaren faktura eta elikagaiak. Eta horretan zerikusi zuzena izan du petrolioaren prezioen igoerak.
Adibidez, garraio gastuak %6 gehiago garestitu dira iazko ekainetik; izan ere, erregaiengatik iaz baino %12 inguru gehiago ordaindu behar da. Petrolioaren prezioek ere eragiten dute etxebizitza gastuen igoeran, besteak beste, berogailuetarako gasolioan eta argindarraren beraren fakturan ere. Elikagaien sektoreko prezioek ere gora egin dute pasa den hilabetean, %2,5. Eta igoera horretan pisu handia izan du fruitu freskoen salneurriek iazkoekin alderatuta izandako hazkunde ikusgarriak: fruitu freskoak %14 garestitu dira iaztik Nafarroan eta %17 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Prezioen hazkundearen erritmoa hala ere moteldu egin da ekainean, maiatzetik hiru hamarren soilik igo baita inflazio tasa, eta apiriletik maiatzera artean puntu oso bat igo baitzen, orduan ere petrolioaren erruz. Erregaien eta elikagai freskoen prezioak aintzat hartzen ez dituen ezkutuko inflazioa %1ekoa da.
Herrialdeka, inflazio handiena Gipuzkoak eta Nafarroak dute, %2,5eko tasekin. Bizkaian, hazkundea apalxeagoa da, %2,2koa eta Araban txikiena %2koa.