Joan den hilabetean orokorrean prezioek beheranzko joera hartu zuten Hego Euskal Herrian. Jantzi eta oinetakoen alorrean izan ziren merketze handienak eta salneurriak ere jaitsi egin ziren elikagaien sektorean. Horrela, Hego Euskal Herriko inflazio tasa %2,1ean gelditu zen, otsailean %0,2ko jaitsiera izan ostean. Urtarrila eta otsailean pilatutako jaitsiera %0,7koa da.
Beste zenbait sektoretan, ordea, prezioek gora egin zuten, garraioan, adibidez. Hotel, kafetegi eta jatetxeetako salneurriek ere gora egin zuten, baina maila apalagoan. Herrialdekako datuei so eginda, joerak nahikoa desberdinak izan ziren. Nafarroan aldaketarik ez zen izan orokorrean, eta urte arteko inflazioa %2,1era jaitsi zen. Bizkaian, aldiz, %0,1 jaitsita, inflazioa %2,3an da, lau herrialdeetako tasa handiena. Urte arteko inflazio tasa txikiena, berriz, Gipuzkoarena da %1,8arekin; otsailean %0,3 egin zuten behera prezioek Gipuzkoan. Araba da otsailean prezioetan igoera ikusi zuen herrialde bakarra, %0,1eko tasarekin. Urte arteko inflazioa %2,2ra jaitsi zen herrialde horretan. Kontsumo Prezioen Indizearen berri atzo eman zuen Espainiako Estatistika Institutuak. Salneurriek orokorrean ez zuten aldaketarik izan Espainian eta urte arteko inflazio tasa %2,1ean kokatu zen. Aipatzekoa da, hala ere, elikagai freskoak eta energia prezioak kontuan hartzen ez dituen azpiko inflazioak gora egi zuela Espainian, %0,2, eta %2,3an gelditu zen.
PREZIOAK. Inflazioa %2,1era jaitsi da Hego Euskal Herrian
Kontsumo Prezioen Indizeak %0,2 egin zuen behera otsailean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu