Beherantz jarraitzen dute prezioek, COVID-19aren krisiaren eraginez. Kontsumo prezioen indizea (KPI) %0,7 apaldu da uztailean Hego Euskal Herri osoan. Oinarrizko produktuak, oro har, iazko apirilean baino %0,7 merkeago daude. Urtea hasi zenetik, gainera, prezioek %1,6 egin dute behera. INE Espainiako Estatistika Institutuak eman ditu datuok.
Martxoko prezioetan hasi zen nabaritzen geldialdi ekonomikoa, eta, ordutik, hilabetez hilabete merkatzen ari dira prezioak. Jantzi eta oinetakoetan nabaritu da gehien; bereziki, merkealdiaren eraginez (ekainean baino %12,5 merkeago daude produktu horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %11,6 Nafarroan ). Urtea hasi zenetik, produktu horiek merkatu dira gehien (%15,7)
Behera egin dute, halaber, janarien prezioak (%1,1, eta %1,3 ) eta komunikazio zerbitzuenak (%1,7 Hegoalde osoan). Jakienak, halere, %1,3 eta %0,5 egin du gora urtea hasi zenetik, eta iazko hilabete berean baino %2,8 eta %2,7 garestiago daude egun.
Aisialdiaren mundukoak, gora
Oporraldiaren eraginez, prezioak igo egin dira zerbitzu eta produktu batzuetan: hilabete batetik bestera garestiagoak dira garraiobideak (%1,3 eta %1,1) eta aisialdiaren munduko jarduerak (%0,9 eta %0,7). Erregaiek ere gora egin dute (%0,5 eta %1). Uztailean garestitu diren arren, urtea hasi zenetik zerbitzu eta produktu horiek izan dute jaitsierarik handiena, lehen aipatutako jantzien prezioen ondoren.