Salneurri guztiak batera kontuan hartuta, uztailetik abuztura prezioetan ez da ez garestitzerik eta ez merkatzerik Hego Euskal Herrian. Bai, ordea, iazko abuztuarekin alderatuta, kontsumo gaiak orduan baino %2,2 garestiago baitira.
Edonola ere, abuztuan moteldu egin da KPIaren azken hilabeteetako hazkunde erritmoa, uztailean tasa %2,3 baitzen. Argindarraren fakturari begira, zaila gerta daiteke moteltze hori ulertzea, baina, INEren datuen arabera, iazko prezioek esplikatzen dute joera.
Inflazioaren azkenaldiko igoeraren parterik handiena elikagai freskoek, erregaiek eta argindarrak eragin dute, eta horiek guztiak garestitu egin dira abuztu honetan ere. Argindarra iaz baino %11 inguru garestiagoa da Hegoaldean, baina elikagai freskoen prezioak eta erregaiak ez dira 2017ko abuztuan handitu ziren neurri berean handitu, eta horrek argindarraren prezioen pisua berdindu du salneurrien balantzan.
Herrialdeka, Nafarroak du inflazio tasarik handiena: %2,4; Gipuzkoa du atzetik, %2,3arekin, eta Bizkaia ondoren, %2,1arekin. Inflazio tasarik txikiena Arabarena da: %1,8.