PREZIOEN IGOERA. Inflazioa %0,7 handitu zen Hego Euskal Herrian iragan hilabetean

Prezioek %2,1 egin dute gora azken urtean, eta %0,1 urtarrila eta martxoa bitartean, Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera; Bizkaia da martxoan garestitze handiena izan zuen lurraldea: %o,9

Erredakzioa
2004ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Inflazioak %0,7 egin zuen gora joan den hilabetean Hego Euskal Herrian, atzo Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera. 2004. urtea hasi zenetik %0,1 handitu da inflazioa, eta joan den urteko martxotik %2,1 egin du gora Kontsumo Prezioen Indizeak. 2003. urteko martxoan ere %0,7 hazi zen KPIa, urte hasierako merkealdiak igarotzean ohikoa baita gorakada.

Lurraldekako datuak kontutan hartuta, Araban garestitu dira prezioak gutxien martxoan: %0,5 handitu da KPIa. Urtarrila eta martxoa bitartean, berriz, %0,3 gutxitu da KPIa bertan, eta joan den urteko martxotik %2,2 hazi da, hots, Hego Euskal Herriko batez bestekoa baino hamarren bat gehiago. Bizkaian, aldiz, beste hiru probintzietan baino gehiago igo dira prezioak. KPIak %0,9 egin zuen gora joan den hilabetean. Urte honetako datuei erreparatuta, urtarriletik martxora ere bizitza garestitu egin da Bizkaian +%0,2. 2003. urteko martxoaz geroztik, berriz, %2,3 handitu da inflazioa, Hego Euskal Herriko batez bestekoa baino bi hamarren gehiago.Oso bestelakoa da Nafarroaren egoera. KPIak %0,7 egin zuen gora aurreko hilabetean. Haatik, 2004. urtearen hasieratik nabarmen jaitsi da inflazioa: %0,5. Azken urtean ere, beste hiru probintzietan baino gutxiago handitu dira prezioak, %1,9, hain zuzen. Gipuzkoari dagokionez, joan den martxoan %0,6 emendatu zen KPIa, hau da, Bizkaia eta Nafarroan baina gutxiago. Urtarrila eta martxoa bitartean, baina, inflazio gehien pilatu duen probintzia da +%0,3. Azken urtean, %2,1 handitu dira prezioak Gipuzkoan.Orokorrean, arropa eta garraioa dira Hego Euskal Herrian martxoan gehien garestitu direnak. Arropa eta oinetakoen prezioek berebiziko gorakada izan dute: %5,9 Bizkaian, %3,3 Gipuzkoan, eta %3,7 Nafarroan. Araba da salbuespen bakarra +%0,4. Garraioari dagokionez, %1 garestitu dira Bizkaian, Nafarroan eta Araban, eta %1,1 Gipuzkoan. Horietaz gain, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak eta sendagaiak dira gehien garestitu diren produktuak. Elikagaien prezioek gorako joera izan dute lau probintzietan: +%0,7 Araban, +%0,5 Bizkaian, +%0,3 Gipuzkoan eta +%0,4 Nafarroan. Elikagaien kostuak ere Hego Euskal Herri osoan handitu dira: +%0,6 Araban, +%0,5 Bizkaian, +%0,66 Gipuzkoan eta +%0,2 Nafarroan.Estatistiken arabera, komunikazioak baino ez dira merkatu: %0,1 egin dute behera prezioek lau probintzietan. Hezkuntza, berriz, oso gutxi garestitu da: Araban eta Gipuzkoan bere hartan gelditu dira prezioak, eta %0,1 handitu dira Bizkaian eta Nafarroan. Alkoholdun edariak eta tabakoa ere ez dira asko garestitu: +%0,2 Araban eta +0,1 Nafarroan; Bizkaian ez dira prezioak aldatu, eta Gipuzkoan %0,1 jaitsi dira. Espainiari dagokionez, KPIak %0,7 egin zuen gora joan den hilabetean. Azkeneko urtean %2,1 handitu dira prezioak, eta urtarrila eta martxoa bitartean pilatutako KPIa %0 da. Bestalde, azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskuak kontutan hartzen ez dituena oso prezio aldakorrak baitira, %2,1 hazi da azken urtean.

LAB: «Igoera kezkagarria»

Hego Euskal Herriko inflazioaren datuak «kezkagarriak» direla azpimarratu du LABek: «Martxoko indizeak, merkealdien ondoren, hobeki irudikatzen du eguneroko errealitatea. Bizitza gero eta garestiagoa da, eta langileak dira hori gehien pairatzen dutenak, soldaten erosteko ahalmena etengabe gutxitzen ari baita». Enpresen etekinak 2002. urtekoak baino «hiru bider handiagoak» direla dio LABek. Hori dela eta, «Prekarietatearen aurkako borroka» aldarrikatu zuen sindikatuak.

CCOOk, orobat, «negargarrizat» jo zuen inflazioaren datua: «Inflazioa oso kezkagarria da soldatak egokitzeko klausulak ez dituzten langileentzat. Datuek frogatzen dute inflazioa gobernuen erronka handienetakoa dela». Halaber, negoziazio kolektiboetan «zorrotzago» jokatu beharko dutela adierazi zuen.Espainiako Bankuko gobernadore Jaime Caruanak ere inflazioa izan zuen hizpide atzo. Caruanaren ustez, hazkunde eredua aldatu ezean, inflazioa arazo larria bihurtuko da Espainian: «Duela bi urtetik hona, barne eskaria eta eraikuntza sektorean egindako inbertsiotan oinarritu da Espainiaren hazkundea. Eredu horrek, epe luzean, kalte handia egin diezaioke». «Berrikuntza teknologikoak» eta «kanpoko sektoreak» duten garrantzia nabarmendu zuen.

-

IKERKETA



Errenta baxuen bizimodua, garestiago



Errenta baxuenak dituzten familien bizimodua aberatsena baino gehiago garestitu da, Caixak atzo kaleratutako txostenaren arabera. Txosten horrek dioenez, KPIak ez du «kontsumo estruktura desberdinen errealitate anitza» irudikatzen. Izan ere, oinarrizko produktuak gehiago garestitu dira, eta familia pobreenak dira produktu horiek gehien kontsumitzen dituztenak. Hala, Espainiako familia pobreen %10ak diru-sarreren %67 gastatzen zuen elikagaietan eta antzeko produktuetan. Aberatsenek, berriz, errentaren %25,4 besterik ez zuten gastatzen. Ikerketak ondorioztatu duenez, funtsezkoa da KPIak kolektibo bakoitzari nola eragiten dion kontuan hartu eta aztertzea, erosteko ahalmena zenbateraino galtzen duten ondo kalkulatu ahal izateko, hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.