Bankuek pribilegio berezidun entitate gisara dituzten interesen gainetik interes soziala jarri du Donostiako merkataritza arloko epaileak Azpeitiko Azcue y Cia enpresaren hartzekodunen konkurtsoan. Autoaren garrantzia nabarmendu dute langileek nahiz administratzaile konkurtsalek, erabat berritzailea delako eta “araua interpretatzeko bide berri bat ireki dezakeelako”.
2012ko abenduan sartu zen hartzekodunen konkurtsora altzari enpresa, eta ekoitzi gabe egon da ordutik. Denbora batera, langile ohiek sustatutako erantzunkizun mugatuko lan sozietateak hura erosteko eskaintza egin zuen. Aurtengo urtarrilean jaso zuten baimena, baina prozesua geldirik egon da bankuek jarritako helegite bat dela medio. Bi milioi euroko eskaintza egin zuten langile ohiek, baina gutxitxo iritzi zioten bankuek, zazpi milioi euroko hipotekaren jabe zirelako pabiloiagatik.
Pribilegio berezidun erakundeak zirela eta euren baimenik gabe salmenta ezin zela gauzatu esanda, helegitea jarri zuten Kutxabankek, Nafarroako Rural Kutxak, Elkargik, Bankinterrek, Banco Santanderrek, Banco Popularrek eta Caixabankek. Helegitea atzera bota du epaileak, eta amaitutzat eman du prozedura judiziala. “Likidazio bateratuak lehentasuna du pribilegio berezia duen hartzekodunak kobratzeko duen interesaren aurrean”, dio epaiak. Hau da, lanpostuen sorrerari eta industriaren suspertzeko ahaleginari eman die lehentasuna.
Epaia baloratzeko agerraldia egin dute gaur lan sozietate berriko arduradunek. Ohikoa ez bada ere, han izan dira konkurtsoan parte hartu duten administratzaile konkurtsalak ere. Lan sozietatearen proposamenaren alde egin dute haiek prozesuan. “Epaileak ikusi du aberastasuna sortuko duela proiektuak. Horregatik dio hipoteka babestuta dagoela konkurtsoan, baina babes horrek badituela bere mugak”, esan du Emilio Gonzalez administratzaileak.
Hartzekodunen konkurtsoetan ohikoak izaten dira helegiteak, esaterako, Gizarte Segurantzarenak; ohikoa izaten da, halaber, epaileak lanpostu kopuruari begiratzea proposamen bat baino gehiagoren arteko hautua egin behar duenean. “Kasu honetan berrikuntza izan da bankuek oso gordin defendatu dituztela beren interesak”, azaldu du Xabier Oleaga lan sozietate berriko lehendakariak. Enpresa proiektu berriaren sustatzaileak jakitun ziren arrisku handia hartuko zutela bankuek euren kontra joz gero; horregatik saitu ziren haiekin akordioa lortzen ere, eta gertu izan ziren horretarako, lau milioi euroan finkatuta prezioa. Azkenean ez ziren ados jarri, eta administratzaile konkurtsalak alde zituztela ikusita erabaki zuten bi milioiko eskaintzarekin jarraitzea.
Epaileak interes espekulatiboak ere ikusi ditu bankuen helegitean, hipotekaren truke ordainetan higiezinak jasotzea ere proposatu baitute finantza erakundeek. Halaber, argudiatu dute ez dagoela ekoizpenak jarraipena izateko bermerik. “Ez naiz igarlea, eta ez dakit hartutako konpromisoak beteko dituzten. Baina suspertze ekonomiko hori askoz zailago litzateke ordainetan pabiloiak emateko aukera horrekin”, dio epaileak.
Bi milioiren ordez zazpi ordaindu behar izateak min handia egingo zien proiektu berriaren sustatzaileei. Helegiteak berak ere egin die min, ordea. Izan ere, salmenta atzeratu izanak eskaera kontratu batzuk ez gauzatzea ekarri du. “Oso garrantzitsua zen urteko lehen hiru hilabeetan hastea ekoizten, ekoizle handiek orduan egin behar izaten dituztelako katalagoak, eta bankuek bazekiten hori. Helegitearen eraginez ez dugu aukerarik izan horretarako”, azaldu du Oleagak. Alabaina, parketaren ekoizpenak dagoeneko 200.000 eurotik gorako fakturazio utzi du enpresan. 20 langile inguru ari dira lanean, eta hilabetea amaitzerako 30 izatea da asmoa. Aurreikuspenak betez gero, 50era iritsiko da lantaldea aurten eta 2016a bukatzerako ehun ingurura.
Parketean eta gazteen altzarietan oinarrituko da Azkue berria. 800.000 euro inbertitu ditu orain artean makinerian eta enpresaren beringeniaritzan, horietatik erdiak eskualdean bertan. Aurten 4 milioi euro inbertitzeko asmoa du enpresak –erdia konkurtsoko ondasunak eskuratzeko-. Milioi bat bazkideek jarriko dute, eta gainerakoa finantza erakundeek, Laboral Kutxak, Sabadell-Guipuzcoanok, Banco Popularrek, Luzarok eta Oinarrik hain zuzen.