«Behin-behinekotasunak urruntzen gaitu Europako Batasuneko (EB)15 herrialde garatuenetatik», kritikatu zuen ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak atzo. Lehenengo hiru hilabeteetako egoera ekonomikoari buruz mintzatu zen Bilbon. Hazkundeak «goranzko joerari» eutsi dio Hego Euskal Herrian, eta «hemengo produktibitatea EBko laugarrena» da. Nolanahi ere, kezkatuta agertu zen «gero eta kalitate eskasagoko» enplegua dela eta: «Aldi baterakoak izan ziren urtarriletik martxora sinatutako kontratuen %91».
«EBko batez besteko hazkundea baino handiagoa da hemengoa», deitoratu zuen Elorrietak. Aitzitik, «prekarietatea ere halakoxea da: handiagoa». Behin-behinekotasuna «%30era» iritsi da ia-ia, eta aldi baterako kontratuak ugaritu dira «gehien» azkeneko boladan.Elorrietaren adierazpenak datuetan laburbildu zituen ELAko Ikerketa Bulegoko teknikari Julene Gabiolak. «2003ko lehenengo hiruhilekoan baino 6.700 langile gehiagok nozitzen dute behin-behinekotasuna orain. 275.000k, orotara. Hamar langiletik hiruk», jakinarazi zuen. «Are okerrago: gazteen %72 egoera prekarioan daude. Eta emakumeen %36». Eustaten, INEMen eta INEren informazio iturriak arakatu ditu ELAk datu eta estatistika bila.
Aldi baterakoak dira «kontratu berri gehienak»
305.244 kontratu berri sinatu ziren urtarriletik martxora. «Horietatik, aldi baterakoak izan ziren %91; 27.219 besterik ez mugagabeak», Gabiolaren arabera. Ildo horretatik, Elorrietak gogor gaitzetsi zuen «langileak kontratatzeko garaian gertatzen ari diren iruzurrak».
«Enpleguaren kalitatea eskasa da oso, egungo legeek ez ikusiarena egiten dietelako iruzurrei», salatu zuen. «Arazoa ez da produktibitatea. Ez horixe. Produktibitatea EBn baino %15 handiagoa baita hemen». Enpresaburuen eta patronalaren argudioak gutxietsi zituen ELAko idazkari nagusiak. «Irlandak, Belgikak eta Luxenburgok bakarrik daukate Hego Euskal Herriak baino produktibitate handiagoa. Espainiak, berriz, %5 txikiagoa».
Adierazi zuenez, «lan kostuak ez dira dioten bezain pisutsuak». Aitzitik, «aitzakia horretaz baliatzen dira gehiegikeriaz jokatzeko eta langileen eskubideak zapaltzeko». Emakumeek eta gazteek pairatutako «bazterkeria» gaitzetsi zuen, berriro.Iazko erregulazio espedienteez jardun zuen gero. Elorrietaren hitzetan, «15.578 langileri eragin zieten, 2002an halako biri, alegia». Aurten ere «beste horrenbestek» sufrituko dituzte erregulazio espedienteen kalteak. ELAko idazkari nagusiak, beraz, «borrokatzera» deitu zituen langileak. Eta jakinarazi zuen sindikatuek «zeregin garrantzitsua» daukatela «bazterkeria mota guztiak amaitzeko ahalegin horretan».
Gizarte laguntzan, azkena
Bestalde, gizarte laguntzan gastatutako «diru eskasari» buruzko gogoeta egin zuen ELAko Ikerketa Bulegoko arduradun Mikel Novalek: «EBko 15 herrialde garatuenek batez beste BPGren %27,5 inbertitzen dute gizarte babesean. Espainiak %20,1 besterik ez». Novalek azaldu zuenez, «adinekoei zuzendutako diruan dago defizit handiena». Pentsio «eskasak» kobratzen dituzte. Osasunean eta familiako kide babesgabeenen zaintzan ere gutxiago inbertitzen du Espainiak. «Langabeziak samurtzen ditu datu ezkor hauek, baina langabe gehiago daudelako bakar-bakarrik».
EGOERA EKONOMIKOA
Produktibitatea EBko laugarrena da, ELAren arabera
«Behin-behinekotasunak urruntzen du Hego Euskal Herria EBko 15 herrialde garatuenetatik», deitoratu du sindikatu abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu