Bada eurogunean Grezia laguntzeko asmoa duenik, pro-grezistak, nolabait esatearren. Kontrakoak ere badira ordea, eta merkatuak berak argi du Mediterraneoko estatu horrek bi aukera baino ez dituela epe laburrean: euroguneko laguntza baliatu edo euroguneko laguntza baliatu. Epaile zorrotza da merkatua, eta «Greziaren ingurukotzat» ikusten ditu Portugal eta Espainia, NDFk defentsa abokatu lana eginagatik. Zor publikoaren jaulkipena garestituko die horrek bi estatuoi. Bigarren egunez jarraian %2 pasa galduta jaso zuen Ibex-35ek epaia eta litekeena da erosketarako errekurtsoak prestatzeko garai ona izatea. Kotizazioen tribunalak gorri bozkatu zuen ahobatez eta tropeleko 35 akzioek izan zituzten galera bihurriak: deigarrienak Grifolsek (-%9,89), baina, %3na pasakoak bi banku handienen kasuan eta %5,59koak, berbarako, Gamesarenean. Hitzetatik ekintzetara (euroetara) pasatu behar du euroguneak; %13ko defizita gainditu du Greziak.
Renovalia. Energia berriztagarrien alorrean burtsan ere lehiakide bat izango du Iberdrola Renovablesek (-%1,09). Kapitalaren %91 bere esku duen Ortega familiak akziodun berriak topatu nahi ditu Renovaliaren %25 maiatzak 12an burtsaratuz.
Viscofan. Viscofan (+%0,05) Nafarroako enpresak 19 milioi irabazi ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, iaz epe berean baino %30 gehiago. Zor garbia %26 murrizteko ere aprobetxatu du bildukingileak, 66 milioira.
Progrezismoaren epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu