Igeltsero bat hil zen atzo, Gasteizko Michelinen pneumatiko lantegiaren kanpoaldean. 57 urte zituen, eta azpikontratatuta jarduten zuen igeltsero lanetan. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundearen arabera, zapalduta hil zen behargina. Sindikatuek deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar 12:00etan, Lan istripu gehiagorik ez, Prekaritatea hiltzailea lelopean. Enpresa batzordeak, berriz, ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzea deitu ditu gaurko, lan istripua gaitzetsi eta dolua adierazteko.
LABek elkartasuna adierazi zien hildakoaren gertukoei, eta prekarietateak langileen osasunean dituen ondorioak salatu zituen: "Osasuna galtzea eta lan istripuak ez dira lanaren ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baizik". CCOOk "onartezintzat" jo du lan istripuz hildako pertsona kopurua, eta "inplikazioa" eskatu die horrelakoak ekiditeko ardura dutenei.