ekonomia

Protesta eta istilu artean, enplegua dinamizatzeko mahai bat osatzea onartu dute Nafarroako Parlamentuan

Langabeziari buruzko saio berezia izan da legebiltzarrean. Parlamentuaren barruan langabeek protesta egin dute eta Catalanek bota egin ditu. Kanpoan jende andana bildu da eta eserialdia egin ondoren Parlamentua bi aldiz inguratu dute. Bideoa: kanpoan izandako istiluak. Argazkiak, hemen. [YouTube]http://youtu.be/zoELamTE-10[/YouTube]

Berria.info
2013ko otsailaren 21a
19:34
Entzun

Nafarroako Parlamentuan langabeziari buruzko saio berezia egin dute gaur. Lourdes Goikoetxea kontseilariak hartu du hitza lehen orduan, eta Nafarroako Gobernuaren kudeaketa defendatu du. Goikoetxeak esan du Nafarroako langabezia maila "Espainiako txikienetako bat" dela. Kanpoan bitartean ELA, LAB, ESK, CGT eta CNT sindikatuek eta eragile sozialek deituta hainbat lagun elkartu dira Parlamentuaren ondoan, bilkura zaratatsu batean; eraikina inguratzera deitu zuten sindikatuek. "Ez da dirurik falta, lapurrak dira soberan", oihukatu dute, foruzainek zaintzen dituzten bitartean. Ekitaldia debekatuta dago baina jende andana bildu da.

Kanpoan bildutakoek esan dute Nafarroako Gobernuaren enplegu politikaren aurka bildu direla, eta kritikatu egin dute langabezia ezohiko saio batean lantzea Parlamentuan: "Enplegua egunerokoan landu beharko litzateke". Kanpoan bildutako sindikatuek salatu dute gainera, Gobernuaren enplegu politikak bi ardatz dituela: "patronalaren, UGTren eta CCOOren interesak indartzea eta murrizketak". Kalean egoteko inoiz baino arrazoi gehiago daudela esan dute. Sindikatuek eta eragile sozialek esan dute onartezina dela defizitaren datua garaipen gisara aurkeztea, 55.000tik gora langabe daudenean.

Kalean, 09:30ean, eserialdia egin dute Parlamentu kanpoaldean. Foruzainak urduri jarri dira eta trafikoa eten dute. Sindikatu deitzaileek ziurtatu diete une batez egongo direla horrela. Hamar minutu inguruz egin dute eserialdia, besteak beste, "polizia gutxiago lan gehiago" oihukatuz. Ondoren, Espainiako Gobernu ordezkaritzak Parlamentua inguratzeko deialdia debekatu arren, martxa bat egin dute legebiltzarra inguratzeko. Lehen saioan, foruzainak oso urduri jarri dira eta tentsiouneak izan dira. Parlamentuaren atzealdean, pilotakadaren bat bota du foruzain batek eta  kolpeak eta bultzadak izan dira. Manifestari batzuk kolpeak jaso dituzte. Ondoren bigarren itzuli bat ere egin diote Parlamentuari. Bideoak eserialdiko eta lehen itzuliko irudiak erakusten ditu. 

Langabeen ordezkariak bota dituzte

Ganbera barruan besaulkietan, gonbidatuta, Langabetuen Elkartekoak zeuden, eta Goikoetxearen agerraldia amaitu denean protesta egin dute hainbat mezurekin. Alberto Catalan Parlamentuko presidenteak saioa eten du. Langabeek "lotsagabe" esan diete UGTko ordezkariei; horiek Parlamentuaren barruan daude, saioa jarraitzen. Catalanek bota egin ditu orduan langabeen ordezkariek. Roberto Jimenez PSNkoak hartu du hitza ondoren. Lourdes Goikoetxearen antzeko diskurtsoa erabili du eta "akordio zabal" bat deitu du.

Ondoren Bakartxo Ruiz, Bilduko eledunak hartu du hitza, eta elkartasuna azaldu die Parlamentutik kanporatutako langabe elkarteko kideei. Bere hitzaldian, besteak beste, kohesio funtsa bat sortzea proposatu du, ikerkerketa eta garapena sustatzeko, ekonomia produktiboa bultzatzeko, langileen formakuntza hobetzeko eta lana topatzeko zailtasuna dutenei laguntzeko. Murrizketekin eta langileen eskubideak urratzen dituzten politikekin ez dute balio, Ruizen arabera.

Gero Patxi Zabaletak hitz egin du. Nafarroa langabezia gehien igo den herrialdea dela azaldu du. Gogora ekarri du honez gero Nafarroan lau enplegu plan ezarri direla. "Eta zein da balantzea?", galdetu du. Enplegu plan horiek UGT, CCOO eta CEN patronalarekin hitzartu dituzte UPNk eta PSNk eta Zabaletak gaitzetsi du hurrengo plana ez dela "txoko ilun batean" negoziatu behar, Parlamentuan baizik. Alderdiei zehaztasunak eskatu dizkie gaurko: "Kalean jendeak aipatzen digu zehatzak izan behar dugula. Gaur ez baditugu ondorio zehatzik ateratzen, ez du ezertarako balio".

Geroa Baiko Manu Aierdik ez du lehen txandan hitz egiterik izan. Parlamentu Mahaiak atxiki gabeko diputatua dela argudiatuta galerazi egin dio hitz egitea txanda horretan. Gai monografikoetarako araudiak ez dio ezer, eta Nafarroaren egoerari buruzko eztabaida hartu dute aintzat. Parlamentuko aholkulari juridikoari jarraituz, mahaiak erabaki du atxiki gabeko parlamentariek erantzunen txandan hitz egin ahalko dutela eta euren proposamena aurkeztu. Geroa Baik erabaki hori kritikatu du, eta Aierdik gogorarazi du Parlamentuan ekimen hori bultzatu dutenetariko bat izan dela.

Enrique Martin PPko eleduna ohi baino kritikoago azaldu da Nafarroako Gobernuarekin. Langabezia “Espainian baino erritmo handiagoz” handitzen ari dela esan du. “Ez da aski jada enplegu berriak sortzearekin, orain industria ehuneko lanpostuei eutsi behar zaie”. Martinen aburuz, “bitxia da” UPNk ekintzaileez hitz egitea eta ardura hori duen CEIN sozietate publikoarekin amaitu nahi izatea.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, berriz, salatu du murrizketekin jarraituz gero “gizartearen aurkako tortura” iraunaziko dela. Bere ustez, alarma soziala gero eta handiagoa da eta bi hamarkadatan agindu duen UPNren gobernuaren ardura handitzen ari da “egunetik egunera”. Bilduren modura, banka publikoa sortzea defenditu du, “Nafarroako Kutxak utzitako hutsunea estaltzeko”. UPNko Carlos Garcia Adanerok hitz egin ostean, lehen txanda amaitu egin da eta atsedena hartu du legebiltzarrak.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.