Greziako Parlamentuak bart onartu ditu Europako Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak 130.000 milioi euroko mailegua emateko eskatzen zizkioten murrizketak. PASOK alderdi sozialistako eta Demokrazi Berria eskuineko alderdiko parlamentariek bozkatu dute horien alde, eta legebiltzarraren 300 parlamentaritik 199k eman dute baiezko botoa.
Lukas Papadimos lehen ministroak esan du murrizketak onartu ezean eurogunetik eta Europako Batasuneko kanpo legokoeela Grezia. Bi alderditako hainbat parlamentarik, hala ere, kontra bozkatu dute eta horiek alderdietatik botako dituztela jakinarazi dute ondoren. Abstenitu direnak ez direla berriro hauteskunde zerrendetan izango jakinarazi dute, gainera. Murrizketen aurka bozkatu du alderdi komunistak, besteak beste.
Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroak esan du mailegu berriarekin 100.000 milioi eurotan murriztuko dutela Greziaren zorra (360.000 milioi eurokoa), interes gutxiago ordainduko dituztela eta zorra itzultzeko epea 40 urtera arte atzeratuko dutela. Horren ordainetan Estatuaren gastua murriztuko da eta soldatak eta pentsioak jeitsiko dira.
Nigarra eragiteko gasa eta 'molotov koktelak'
Parlamentariek murrizketak onartzen zituzten bitartean kaleak sutan izan dira Atenasen. Milaka lagun bildu dira hiriburuko hainbat lekutan protesta egiteko, eta istilu handiak izan dira; tartean, Atenas erdiguneko hainbat eraikin erre dira, bi zinema arete, hainbat banketxe eta Alphabank bankuko eraikin zentrala, besteak beste. Polizia etxe bat ere erasotu dute eta udaletxea okupatzen saiatu dira protestagileak.
Protestara hainbat herritarrek eta sindikatuek deitu zuten, eta Mikis Theodorakis kantariak salatu du Poliziak nigarra eragiteko gasarekin erantzun ziola jendeari zuzentzeko Parlamentuko eskaileratara igotzeko baimen eske joan zenean. 86 urteko kantariaren lagun batek irratian salatu du "hiltzen" saiatu direla kantaria, gas potoak bere kontra jaurtiz.
Manifestariek harriekin eta molotov koktelekin erantzun diote Poliziari, eta gutxienez 50 atxilotu daude. Poliziak esan du ehun inguru polizia zauritu dituztela, eta polizi eta zibilen artean 54 lagun daude ospitaleratuta.