Jesusen Bihotzetik atera da Bilboko martxa, 17:30ean, eta ordu berean abiatu da Donostiakoa Bulebarretik; Iruñean 18:00etan irten dira autobusen geltoki zaharretik, eta Gasteizen 19:00etan dute deialdia Bilbao plazan. Lau hitzordu helburu bakar batekin: Espainiako Gobernuak indarrean jarriko duen pentsioen erreformaren galerak salatzea.
Adin guztietako jendea ari da protestetan parte hartzen, baina gehienbat pentsionistak. Manifestazioen hasieran kexu izan dira, urtez urte euren erosteko ahalmena txikiagoa delako, eta etorkizunera begira egoerak okerrera egingo duela uste dutelako.
Gune plataformak antolatu ditu gaurko mobilizazioak. Besteak beste, ELA, LAB, Eilas, Hiru, CNT, CGT, ESK eta EHNE sindikatuak, eta beste 50 bat erakunde sozial biltzen ditu plataformak. "Pobreen eta jende xehearen aurkako gerra bat da hau.Eta bitartean botere politikoak botere ekonomikoa dutenen mesedeko erabakiak hartzen ditu. Dirudunen alde egiten du. Bankaren alde”, adierazi du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, Bilbon. Ideia bera aipatu du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, Donostian. "Salatu nahi dugu datorren pentsioen erreformaren helburua dela sistema publikoa deuseztea eta pribatua sustatzea, finantza sistemaren mesedetan".1