Portugalgo Gobernuak berriro aztertuko ditu duela bi aste iragarritako neurriak, sindikatuen, patronalaren eta oposizioaren aldetik jasotako protesta eta presioen ondorioz. 2013an langile guztiei soldatak %7 jaitsiko zizkiela iragarri zuen, Gizarte Segurantzako kotizazioa igota. Baina, Pedro Passos Coelho lehen ministroak atzo onartu zuenez, «prest» daude «alternatibak aztertzeko».
Gobernuak «enplegua sortu» eta langabeziaren igoera gelditu ahal izateko proposatu zituen neurriok, baina iragarpenaren ondotik izandako erantzunak berriro pentsatzera behartu du. Ikusi beharko da, atzera egiten badu, non egingo dituen doikuntzak.
Portugalen Europak agindutakoa betetzeko ahaleginetan jarraitzen duten bitartean, Espainian ere Europari begira ziren atzo. PPren gobernuak pare bat kontu argitu nahi izan zituen, azken egunetan zabaldu diren hainbat informazioren gainean. Fatima Bañez Lan ministroak ukatu egin zuen erretiro adina atzeratzeko prozesua bizkortu egingo dutela. Hori hala balitz, adina 65 urtetik 67 urtera atzerako prozesua 2027an amaituko litzateke.
Finantza sistema onbideratzeko eskatutako erreskateaz ere zurrumurruak isildu nahi izan ditu Luis de Guindos Ekonomia ministroak. Zenbait iturrik diote bankuen beharrak bete ondoren geratuko den dirua erreskate oso bat ez eskatzeko erabiliko duela, baina hori «erabat» gezurtatu du: «Guztia» bankuentzat izango da. 60.000 milioi euroren bueltan beharko dituztela uste du.
Angela Merkel Alemaniako kantzillerra François Hollanderekin bildu zen atzo, Ludwigsburgen. Frantziako presidentea bi herrialdeen arteko adiskidetzea gogoratzen zuen ekitaldi batera joan zen. Bankuen batasunaz eta EADS-BAE Systems balizko bat egiteaz hitz egin zuten, akordio zehatzik gabe.
Protestek azken neurriak berraztertzera eraman dute Portugal
Espainiako Gobernuak berretsi du ez duela erretiro adina atzeratzeko prozesua azkartuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu