ekonomia

Protesten eraginez, Decathlonek ez du Bilboko denda ireki

Jaiegunetan saltokiak irekitzeko asmoaren aurrean, elkarretaratzera deitu dute ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk Decathlonen Hegoaldeko dendetan.

Elkarretaratzea Bilboko saltokiaren aurrean. ELA
2014ko uztailaren 25a
13:29
Entzun

Giza kateak eta elkarretaratzeak egin dituzte azken egunetan Decathlonek jaiegunetan irekitzeko asmoa duela salatzeko. Gaur, jaieguna izaki, protesta egitera atera dira kalera. Decathlonek Bilbon, Donostian, Irunen eta Gasteizen dituen denden aurrean elkartu dira hainbat lagun, sindikatuek deituta.

Guztiak 10:00etan ireki dituzte, Bilbokoa izan ezik. Europa Pressek sindikatuen iturriak aipatuz dio enpresak langileei agindu diela Bilboko denda 14:00ak arte behintzat ez irekitzeko —ordu horretan amaitu zaie baimena sindikatuei elkarretaratzea egiteko—. Ordu horretan ere ez ditu ateak zabaldu.

Donostian, Belartzako saltokian, langileak alboko atea batetik sartu dira, eta aurrealdean, Jai egunetan denok jai pankarta atera dute hainbat lagunek.

Sindikatuek salatu dute legeak horretarako aukera ematen duen arren, igande eta jaiegunetan ez irekitzearen aldekoak direla bai gizartea eta baita merkatari eta langile gehienak ere. "Decathlonek jaiegunetan irekitzeko duen asmoa gezurretan oinarritzen da, eta ondorio benetan kaltegarriak izango ditu ez bakarrrik lan arloan, baita gizartean ere. Ez du kontsumoa bultzatzen; hura egunez aldatzen du, besterik ez".

Kontsumitzaileen elkarteak ere igande eta jaiegunetan zabaltzearen aurka agertu dira, argudiatuz dendek jada ordutegi zabala eskaintzen dutela. Euskaldendak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako dendarien konfederazioak uste du saltoki handien irekiera "berri txarra" dela sektorearentzat. Txikizkako merkatarien iritziz, "prekarietatea" handituko du horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.