EKONOMIA

PSE-EAJ akordioari esker babes soziala eta ekonomiaren sustapena "bateragarri" direla uste du Gatzagaetxebarriak

EAJ-PSE itunak baldintzatuta dator zerga sistemari buruzko gaurko osoko bilkura monografikoa; aurreko bietan oso gutxi izan dira xehetasunetan sartu ziren ebazpenak. 09:30ean hasi da saioa, eta zuzeneko kontakizuna egiten ari da Ivan Santamaria kazetaria.

LABen elkarretaratzea legebiltzar atarian. RAUL BOGAJO, ARP
Ivan Santamaria.
2013ko irailaren 26a
15:13
Entzun

Batek pentsatuko luke zergei buruzko eztabaidak zenbakietan oinarritu beharko lukeela. Ados, zerga sistema ez da zenbaki hutsak, baina gaiaren inguruko bilkura monografiko batean alderdiak xehetasunetan sartzea espero beharko litzateke. Tasak, errenta eskalak eta antzekoak mamia izatea, azken finean. Ez da hori Eusko Legebiltzarrean izan diren saioetatik atera den emaitza.

Zerga sistemari buruz osoko bilkura egiten ari dira gaur berriro Eusko Legebiltzarrean. Hirugarrena da azken urte eta erdian. Zergei buruzko arauak proposatzea, eztabaidatzea eta onartzea aldundien eta batzar nagusien eskumena bada ere, ezin liteke esan ganbera alde batera geratu denik esparru horretan. Ez azken bi legealdietan, behintzat.

PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek hartu du hitza aurrena. Kapital errenten tratua eta etxebizitza kenkariak zalantzan jarri ditu Pastorrek, baina orain ez aldatzea defendatu du. Lan eta kapital errentak batera zergapetzearen alde egin du, nahiz eta banatuta jarraituko duten proposatu duten erreforman. Salatu du "beldurraren kanpaina" bat abiatu dela zerga erreformaren kontra, eta argitu du proposamenak ez duela zergen igoerarik eragingo euskal herritarren "gehiengoarentzat".

Pastorren adierazpen horrekin bat etorri da Josune Gorospe EAJko legebiltzarkidea. EAJ-PSE akordioak aurrera begira desharmonizazioa zuzentzeko neurriak badituela argudiatu du Gorospek, baina erantsi du Harmonizazio Legea soilik "beharrezkoa balitz" garatuko dela. Halaber, azaldu du EAJ-PSE akordioak ez duela zerga sistemaren eskumen banaketan "inolako aldaketarik eragingo".

PPko legebiltzarkide Anton Danboreneak, berriz, EAJri eta PSEri eskatu die "koldarrak" ez izateko eta aitortzeko bi alderdien arteko itunak zergak igotzea eragingo duela. Danboreneak uste du zergen gorakada horrek "batez ere klase ertainetan" izango duela eragina, eta kritikatu du ez duela ekonomia suspertzeko balio. "Hau ez da zerga sistemari buruzko osoko bilkura bat, ez dugu zerga sistemaz hitz egingo  eta zergarik onartuko; ituna nola ikusarazi adostu duzuenaren hurrengo fasea da gaurkoa", esan du.

UPDko legebiltzarkide Gorka Maneiroren esanetan, EAJren eta PSEren arteko akordioa "huts egindako erreforma" bat da, "galdutako aukera". Izan ere, Maneirok uste du akordioak "oinarrian" duela akatsa, zergen inguruko eskumena foru aldundien esku daudela eta. Orobat, kritikatu du ez ituna ez dela "nahikoa progresiboa" eta ez duela "beharrezkoa ez den gastua" murrizten.

Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideak hartu du hitza EH Bilduren izenean. "Enpresek ere ordaindu behar dute, dagokiena, herritar guztiok bezala", esan du, hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzeko bidetzat jota. Burujabetza beharrezkotzat jo du Beitialarrangoitiak: "Baita arlo fiskalean aurrera egiteko ere, erabakitzeko eskubidearen onarpena da gakoa, burujabetza bidea, behar ditugun politikak ezartzeko".

PSE-EAJ akordioaz, "eredu ekonomiko eta sozial bera partekatzen duten bi alderdien arteko akordioa da, Euskal Herriari dagokion burujabetzari uko egiten diona", esan du. PSEri zuzendu zaio Beitialarrangoitia: "Ezer ez duzue esaten aberastasun handien gaineko zergari buruz. Horrelako lortuko dugu aberastasun banaketa?".

Babes soziala, ekonomiaren sustapena eta lanpostuen sorrera "bateragarri" egiten ditu EAJ-PSE itunak, Rikardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuaren arabera. Akordioa EH Bilduren eta PPren ekarpenei "zabalik"dagoela azaldu du, eta, egungo egoera ekonomikoaz, esan du "puntu argiak eta ilunak" daudela oraindik: "Oraindik erortzen ari gara, baina beherakada moteldu egin da". Gaineratu du 2013. urtea "oraindik oso gogorra" izango dela, baita 2014a ere.

Eztabaida luzeak

Zergei buruz luze eta zabal aritu dira legebiltzarkideak. 2012. urteko maiatzean eta aurtengo otsailean egindako saioetan soilik, 11 orduz baino gehiagoz. Legebiltzarreko taldeek makina bat ebazpen aurkeztu eta bozkatu dituzte eztabaida horietan, baita onartu ere. Ehun baino gehiago izan dira, bi saioak aintzat hartuta.

Ebazpen horietan, ordea, orokorkeriak izan dira nagusi. Asko bilatu behar da proposamen zehatzen bat aurkitzeko. Zenbakiren bat ikusteko. Bi baino ez dira ageri onartutakoen artean. Bat, 30.000 eurotik gorako errentak dituztenentzat adi kenkariak kentzeko eskaera. EAJ-PSE akordioak bere egin du hori, gainera, nahiz eta jeltzaleek aurka bozkatu zuten. Bestea, jarduera ekonomikoen zergan salbuetsitako kopurua bi milioi eurotik milioi batera jaisteko eskaera, gauzatu ez dena. EH Bilduk, PSE-EEk eta UPDk babestu zuten bigarren hori.

Horraino ganberaren gehiengoa lortu duten ebazpen zehatzak. Beste askotan arrunkeriak eta ideia orokorrak baino ez dira errepikatu. Horien artean daude zerga sistema "mailakatu eta eraginkor batean aurrera egiteko” deiak, edo iruzurrari aurre egiteko mezuak. Jarrerak argitzeko eztabaida interesgarriak izan dira, baina ondoren praktikan eragin gutxi izan dituztenak.

Gaur hirugarren aldiz aurrez aurre daude alderdiak. Berritasun handi bat dago, ordea. Bilkura EAJk eta PSE-EEk adostutako erreforma proposamenaren ondotik dator. Bi alderdi horiek gehiengo osoa dute itunak dioena hitzez hitz Legebiltzarreko gomendio bihurtzeko. Haatik, hedabideetan aurreratutako informazioen arabera, uko egingo diote ebazpenetan xehetasunak finkatzeari. Alegia, zergei buruz akordioak jarritako printzipio orokorrak berretsiko dituzte, baina tasa eta eskala ezberdinetan egin nahi diren aldaketak ebazpen bihurtu gabe.

Xehetasunen eztabaida batzar nagusien tramiterako geratuko litzateke, benetan zerga erreforma onartu eta praktikan jarri behar duten erakundeak direlako. Araban eta Gipuzkoan, gainera, beste alderdiren baten babesa beharko lukete erreforma onartzeko, jeltzaleak eta sozialistak ez direlako gehiengo osora iristen.

Harmonizazioari bueltaka

Zergei buruzko eztabaida bakoitza une politiko baten isla ere izan da. Biharkoak EAJ-PSE akordioa bedeinkatzeko balioko du. Joan den urtean egindakoan, berriz, nabarmendu zen Carlos Agirre garaiko Ogasun sailburuaren laguntza eskaera. Bilketa handitu gabe aurten aurrekontuak egiteko izango ziren zailtasunekin beldurtuta zegoen Agirre. Azkenean, bozak aurreratu zituen Patxi Lopez lehendakariaren gobernuak, kontu proiektua aurkezteari uko eginda.
Ganberak zerga sistemari buruz jokatu behar zuen zeregina izan zen otsaileko protagonista. Ezbaida horretan ez zuten aurrera ateratzea lortu, baina apirileko mozio batean Legebiltzarra zela politika fiskala "eztabaidatzeko eta adosteko" lekua onartu zen, EH Bildu, PSE-EE eta UPDren botoekin.

Legebiltzarrak herrialde guztien zerga sistemak parekatzeko dituen aukera errealei buruzko eztabaidak hor jarraitzen du. EAJ eta PSE-EEren arteko itunak apirilean onartutako testuaren antzeko ideia jasotzen du, baina bada alde oso esanguratsu bat. Apirileko legez besteko proposamenean esaten zen helburua "benetako harmonizazio fiskala" lortzea zela. EAJ-PSE akordioak harmonizazio hitza baztertu du, eta horren ordez xedea hiritarren artean "benetako berdintasuna" lortzea dela dio.

Edozein modutan, bi sinatzaileen arteko interpretazio ezberdinak azaleratzen ari dira egunotan. Hala, batzar nagusietako negoziazioek huts eginez gero, ondoren ganberatik erreforma hedatzeko aukera badagoela defendatu dute PSE-EEko ordezkariek. EAJn, aldiz, zuhurragoak dira. "Harmonizatzea ez da dena berdina izatea", ohartarazi zuen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, herrialdeen artean ezberdintasunak egotea ontzat jotzen dutela agerian utzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.