PSE-EE Gipuzkoako zerga politikaren erreforma babesteko prest dago

Sozialistentzat zerga politika bateratua lortzea ez da ezinbesteko baldintza aldaketa onartzeko

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioak (Bildu) PSE-EEren laguntza behar du Batzar Nagusietan zerga politikaren bere erreforma onartzeko, eta babes hori jaso dezake. Rafaela Romero PSE-EEren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak babesaren aldeko arrazoi gehiago eman zituen atzo, kontrakoak baino. Martin Garitano diputatu nagusiak agerraldia egin zuen, iragan asteko Finantzen Euskal Kontseiluaren bilerari buruz hitz egiteko.

PSE-EE diputazioaren «ondoan» egongo da, betiere zerga politika «bidezkoagoa» lortzen bada eta, «ahal den neurrian», harmonizazio falta saihesten bada. Romerorentzat zerga politika aldatzeko bizkarrezurra izan behar du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren proposamenak. Gipuzkoako Diputazioaren eta Lopezen proposamenetako hainbat puntu oso antzekoak dira. Gainera, Zergak Koordinatzeko Organoaren bileran Gipuzkoak eta Jaurlaritzak zerga politika aldatzea babestu dute, eta Arabaren eta Bizkaiaren oztopoak salatu dituzte.

Romerok Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren zerga politiken harmonizazioa eskatu zuen, «ahal den neurrian». Erakunde guztien arteko hitzarmena nahi du. Gaur egun ezinezkoa da, erakundeen jarrerak elkarrengandik oso urrun baitaude. Romerok badaki: «Ezin dugu utzi eskuinak Zergak Koordinatzeko Organoa erabiltzea zerga politikak boikotatzeko eta geratzeko». Harmonizazioaren alde dago, baina ez edozein modutan, «harmonizazioaren aldeko ahaleginak ezin baitu izan alde bakarrarena izan, guztiena baizik».

Garitanok atzoko agerraldian berretsi egin zuen Gipuzkoako Diputazioak Zergak Koordinatzeko Organoaren bileraren ostean esandakoa: «Gipuzkoak aurrera jarraituko du zerga politikaren aldaketarekin, baita Arabak eta Bizkaiak bat egiten ez badute ere. Ez dago beste biderik, egungo eredua zaharkitua dago, eta ausardiaz jokatuko dugu».

PFEZ eta ondare zerga

Erreformaren oinarria dira PFEZean tartea handiagotzea, irabazi handiagoak dituztenek gehiago ordaintzeko, eta ondarearen gaineko zerga berreskuratzea.

Gipuzkoak zerga politikaren alde bakarreko erreforma eginez gero, ondorio saihetsezin bat izango du, zerga horien bidez bildutako hamar eurotik zortzi Eusko Jaurlaritzari eta udalei eman behar dizkiela. Hala dio Ekarpenen Legeak. Hala ere, Romerok uste du Gipuzkoak ezin duela zerga politika aldatu «Arabari eta Bizkaiari mesede egiteko».

Batzar Nagusietako atzoko eztabaidan Markel Olano EAJren bozeramaileak «argudio demagogikoak» erabiltzea eta Espainiari begiratzea leporatu zion Garitanori. Rebeka Ubera Aralarreko bozeramaileak «ausardiaz, arduraz eta tinkotasunez» jokatzeko eskatu zion, zerga politikan «erreforma sakonak» egiteko. «Herritarrak izango dira onuradun nagusiak», uste du Uberak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.