Mario Fernandez EAJri lotutako pertsona da, baina PSE-EEk eta PPk, printzipioz, ontzat jo dute haren hautagaitza BBK-ko presidente kargua hartzeko. PSE-EEk eta PPk gehiago nabarmendu dituzte haren ibilbidea, eskarmentua eta ospea, EAJrekin dituen lotura estuak baino.
Xabier Irala BBK-ko egungo presidenteak Mario Fernandez abokatu eta irakaslea proposatuko du bera ordezkatzeko, abuztutik aurrera. Izatekotan, epe laburreko presidentea izango da, 66 urte betetzear baitago, eta BBKko presidenteak gehienez 70 urterekin har baitezake erretiroa.
Fernandez Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu eta lehendakariorde izan zen Carlos Garaikoetxearekin. Eta publikoki Juan Jose Ibarretxeren eta EAJren alde egin zuen azken hauteskundeetan.
PSE-EEk eta PPk, baina, agerian utzi dute hori ez dela oztopo izango beren onespena lortzeko. Berez, EAJk ez du PSE-EEren eta PPren babesik behar Fernandez aukeratua izateko, BBK-ko aginte organoak kontrolatzen baititu.
Mario Fernandez aditua da merkataritza zuzenbidean eta bat-egite prozesuetan. Abokatu lanetan aritu da 1960ko hamarkadatik, enpresa garrantzitsuen interesak babestuz kasu askotan. Ardura handiko postuak izan ditu BBVAn: Lege Gaietarako zuzendari eta Zuzendaritza Batzordeko kide.
Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak Mario Fernandezen «ospea eta gaitasun profesionala» goraipatu zituen atzo, Gobernu Bileraren ostean egindako agerraldian. Ez hori bakarrik. Oraindik Fernandez BBK-ko presidente aukeratu ez duten arren, Lopezek ez zuen zalantzan jarri haren izendapena. Zuzenean Eusko Jaurlaritzaren lankidetza eskaini zion, «Euskadin politika garrantzitsuak egiteko, Bizkaian bereziki».
Lopezen ildotik, Jose Antonio Pastor PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusiak aurreratu zuen bere alderdia ez dela, «inolaz ere», «beligerantea» izango hura izendatzeko orduan.
Patxi Lopezek espero du BBK-k, Kutxak eta Vitalek «berandu baino lehen» ekingo diotela bat-egite prozesuari. Eusko Jaurlaritzak prozesua babestuko du, «betiere Euskadiren aniztasunari, errealitateari eta beharrei erantzuten badie».
Fernandezek, ordea, ez du luze gabeko helburuen artean, herenegun Radio Euskadiko Ganbara saioan egin zituen adierazpenen arabera: «Garrantzitsuena eta funtsezkoena da BBK-k krisia ahalik eta nota onenekin gainditzea, eta ez jendea nahastea hain garrantzitsuak ez diren gaiekin». Kutxen bat-egiteaz ari zen.
Leopoldo Barreda EAEko PPko bozeramaileak atzo onartu zuen asko gustatu zitzaizkiola Fernandezek herenegun egin zituen adierazpenak.
PSE-EEk eta PPk begi onez ikusi dute Fernandezen hautagaitza BBK zuzentzeko
Mario Fernandezek aurreratu du oraingoz alboratu egingo duela kutxek bat egiteko proiektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu