2014. urterako aurrekontu proiektuaren tramiteari bestelako konfiantzarekin heldu dio Iñigo Urkulluren gobernuak. PSE-EErekin eta PPrekin hitzartutako akordio zabalen ondotik, kontuak aurrera atera ahal izatea espero du Eusko Jaurlaritzak. Itxaropen hori berretsi du gaur goizean Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak, proiektua aurkezteko Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Akordio horietan gobernuaren diru sarrerekin ez ezik gastuekin lotutako alorrak hitzartu direla gogoratu du sailburuak, eta horiek bete ahal izateko aurrekontuak onartu behar direla.
Kontuak negoziatzeko borondatea badutela berretsi du Txarli Prieto PSE-EEko ordezkariak, eta kontuen izaera orokorrean EAJk "zuzenketa argia" egin duela ziurtatu du. Edonola ere, aurrekontu osoari buruzko negoziazioa egin gabe dagoela aurreratu, eta atalez atal hitzartzeko marra non dagoen finkatu du Prietok. "Erreferentzia 2012. urtean indarrean zeuden aurrekontuak dira, ez 2013. urteko proiektua. Ez zen aurrera atera, ez da ezer".
EAJk, PSE-EEk eta Jaurlaritzak izenpetu zuten akordioan, esaterako, muga orokor bat zehaztuta dago: "Hezkuntza, osasuna eta gizarte politiken sostengu eta funtzionamenduari aurrekontu luzatuan adina finantzaketa bermatuko zaie 2014. urterako". Haatik, Jaurlaritzak aurkeztu duen proiektuan funtzio horien gastua 2012. urtekoaren azpitik dago. Osasunean 53,8 milioi gutxiago dira, hezkuntza alorrean 109,7 milioi gutxiago, eta gizarte babes nahiz sustapen esparruan, 80 milioi gutxiago. Guztira, 243 milioi gutxiago. Aurrekontu atal horiek duten finantzaketa kopuruari erreparatuko diotela agindu du Prietok.
EH Bilduk ere 2012. urteko alderaketa ez erabiltzea aurpegiratu dio sailburuari. Gatzagaetxebarriak onartu du 2012an baino 602 milioi gutxiago gastatuko direla 2014an — zorpetzearen efektua kontuan hartuta —, baina erreferentzia hori ez erabiltzea defendatu du, orduan gobernuak aparteko diru sarrera oparoak izan zituelako: Naturgasen salmenta (140 milioi), opor fiskalen itzulera (160 milioi), hiru hamarren gehiago defizit helburuan (180 milioi inguru).
EH Bildu, PSE eta PPko ordezkariek zalantzan jarri dute Ogasun Sailak prestatutako koadro makroekonomikoa. Heldu den urtean batez beste 4.000 lanpostu galduko direla aurreikusi du gobernuak. Kalkulua "arduraz" egindakoa dela adierazi du Gatzagaetxebarriak. "Hazkundea badugu, baina enplegua sortzeko ez da aski". Fagor Etxetresnek duten krisiak enpleguan izan ditzakeen ondoriekin ere kezkatuta dago gobernua.
Zorpetze igoerak daraman erritmoarekin kexu azaldu da Antonio Danborenea PPko legebiltzarkidea. Europa mailan ezarri diren mugak errespetatu baino ezin dutela egin erantzun dio Gatzagaetxebarriak. Horien arabera, 2020. urterako aurrekontu orekatuak aurkeztu beharko ditu Eusko Jaurlaritzak. Gaur egungo kopuruetatik abiatuta, helburu hori betetzeko "egoera onean" daudela ziurtatu du sailburuak.