Enplegu politika aktiboen eskualdatzea ez dela «autogobernuaren aurka» egingo ziurtatu du Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak. Miren Azkarate jarduneko Jaurlaritzaren eledunak eginiko kritikei erantzun zien Pastorrek, eta boterea uzteagatik «umeen kasketaldia» izatea egotzi zion EAJri eta egungo gobernuari.
Lan arloko politika aktiboen inguruan «gezurretan aritzea» egotzi zien Azkaratek PSEri eta Espainiako Gobernuari. Jaurlaritzaren arabera, politika horiek finantzatzeko Madrilek ez duela kupoaren bidea erabili nahi da arazo nagusia, eta, hala ez egitea, autogobernuaren aurkako erasotzat jo zuen.
Pastorrek adierazpen horiek ukatu zituen, eta politika aktiboen eskumena lortzeko «borrokatuko» direla ziurtatu zuen, Radio Euskadi irratian eginiko elkarrizketan. Edonola ere, ez zuen azaldu eskualdaketa nolako baldintzetan gauzatzea espero duten.
PSEko ordezkariaren ustez, boterea «duintasun pixka batekin» uzteko aukera alferrik galtzen ari da egungo Jaurlaritza.
PSEk dio enplegu politikak ez direla «autogobernuaren aurka» hartuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu